Larrua jo

Arg: Unsplash

"Erotikaren doinuak hamaika dira, eta ederki moldatzen dira gure gorputzetara entzuteko prest gaudenean"

Gure genitalak, alua zein zakila, larruz estalirik daude, baina pertsona baten azalak bi metro ditu batez beste, gorputz osotik banaturik; hortaz, genital eta koitora mugatuz gero, azalera gehienaren plazer gaitasuna galdu egiten dugu. Larrua bere zabalera osoan aintzat hartzea da aldaketa nagusia.

"Jo" hitzak badu zentzu positiboa, eta hori ondo dakigu musikariok. Musika jo, bakarka, bikoteka zein taldeka egin daiteke. Erritmo ezberdinez eta modu anitzetan egin badaiteke, anitzak dira ere larrua jotzeko aukerak, eta zakila baginan sartzea horietako bat besterik ez da. Bi metro azal, edozein musika tresnak baino askoz aukera gehiago ematen dizkigu.

Elkartze erotikoa eman ahal izateko, baldintza batzuk bete beharko dira. Jo nahi dugun doinua erraietatik atera beharko zaigu, doinua ez dugulako hain gustuko izango desioa ez bada oinarrian. Erotika hitza desioez ari da, eta horiek gure barnean piztuko dira. Norbaitekin elkartzea kanpo alderdiek eraginda bada, elkartzea izango da, baina agian ez erotikoa. Behar eta presioak desioaren etsai nagusiak dira; desiatzen duguna baino, besteek gutaz espero dutena edota guk hori espero duten usteagatik egingo dugulako, eta betebeharrek desioa itzali egiten dute.

Gure larruetaz elkar gozatzeko grina dugulako sortuko da elkartze erotikoa. Hortaz, larrua jotzea larruak konektatuz elkarrekin gozatzea da, eta gozamenerako ezinbesteko baldintza desioa sentitzea da.

Desioak gure barnean bilatu behar ditugu, ez kanpoan. Zer desio mota dut? Zein unetan? Norekiko desioa sentitu dut? Azaleko zein zatiz gozatzeko? Gorputz atal horretaz zein jokuren bidez gozatu nahi dut? Erantzunak aldatuz joango dira, gure desioak unez une aldakorrak direlako eta gaur baliagarria, kitzikagarria eta asegarria zaiguna, agian bihar ez delako izango. Nik behintzat ez dut egunero eta momento orotan musika berdina entzuten edo abesten. Zuek?

Tristura, poza, energia beharra, amorrua kudeatzeko laguntza behar dudanean…musika jo edo entzun dezaket, baina ez da musika mota bera lagungarria eta asegarria izango horietan guztietan, ezta? Zergatik ba, nire gorputzari doinu bera eskatu beti? Gorputzek ez al dute konexiorik emozioekin? Eguneko bizipenekin? Ondoan dugun pertsonek pizten digutenarekin?

Erotikaren doinuak hamaika dira, eta ederki moldatzen dira gure gorputzetara entzuteko prest gaudenean. Noiz, nola eta norekin gure esku egongo da, beti ere beste batekin izango bada, adostasunez eginda.

Larrua jotzea, azalaz gozatzea da. Gogorik bai?

Emaize.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago