ALEA aldizkaria argitaratzen hasi zenetik, 2015eko urtarriletik, bertako kolaboratzailea izan naiz. Atsegin handiz. Hamaika urte eta koska joan dira ordutik. Adin ertainean sartu berria omen nintzen orduan. Adin ertain petoan nago orain, nonbait ere. Sinetsidazue: hizkuntzaren zilipurdi hauek ez ditut nik asmatu. Hizkuntzak badu bere umorea; ni baino lehenago ailegatu ohi da txantxaren lekura.
Agerkari honen webgunean ikusi dudanez, laurogeita bost artikulu publikatu ditut orain arte –azken hau laurogeita seigarrena izango da–. Denetariko gaiak eta moldeak probatzen saiatu naiz; aniztasuna, kontu honetan ere, estimatzekoa izan daiteke. Tartean, Harrimena lantzeko ariketak izeneko esplorazio literarioa –esperimentu xelebrea, batzuen ahotan– egiteko aukera izan dut. Hori ere zor diot ALEAri.
Izan ere, ez da komunikabide baten ohiko jarduna halako ideia arriskutsuei leku egitea. Baina gauzak zer diren, ikasturte oso batez harritzeko ahalmenaren inguruan arakatu ondoren –irudia eta testua uztartuz, 36 piezako bilduma lortu arte–, aldizkari honetan ereindako hazia antzezlan bihurtu zen Zirrara Kolektiboaren eskutik. Eta bizirik dabil oraindik ere proiektua: bai antzezlana, bai Fernando Pessoa bera ere, diotenez. Euskaraz, azentu portugesarekin.
Aldaketa bide da unibertsoaren printzipio nagusia. Zentzu literalean diot, eta ez nire ohiko metafora txatxuekin. Bada garaia, hartara, hamaika urtez matraka ematen aritu garenok bazter batera egiteko. Bide emateko. Datozela beste ahots batzuk. Beste begirada batzuk. Denboraren joanean, agian, beste matraka batzuk. Guk, bitartean, ALEA jasotzen jarraituko dugu etxean.
Zerealaren forma du ALEAren logoak. Eta ez dirudi kasualitatea denik: nik ale bat ekarri dut hona, eta bueltan –honezkero ikusia duzuen moduan– uzta oso bat jaso dut.
ESKERRIK ASKO.
Itzalpe on.
Edu Zelaieta Anta.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.