Gaur da eguna. Otsailak 20. Justizia soziala aldarrikatzeko data, Nazio Batuen egutegian: genero berdintasuna, langileen babesa, trantsizio ekologikoa, pobreziaren kontrako ekintzak. Munduari, egun batez bederen, kontzientzia garbitzeko egutegi-marka. Gaur da eguna. Otsailak 20. Eta ezusterik ezean, honoris causa doktore izendatuko dute, gaur, Sofia erregina Las Palmas Kanaria Handiko Unibertsitatean.
Las Palmaseko Elikagaien Bankuak horretarako proposamena egin zion unibertsitateari aurreko urtean, erreginak erakutsitako konpromiso soziala (sic) errekonozitzeko asmoz. Akademiak ekimena bere egin, bertako klaustrora eraman eta bozketak aurrera egin zuen. Gehiengoz, ez aho batez. Unibertsitate publiko horretako errektoreak azaldu duenez, Vanity Fair aldizkarian, ohorezko tituluak ez du soilik ikerketa akademikoa saritzen; ibilbide soziala eta solidarioa ere aitortzen du. Keinu horrekin, irlako unibertsitateak aurretik honoris causa izendatutako Nelson Mandela, Rigoberta Menchu edota Severo Ochoaren zerrenda berean kokatu du Sofia erregina.
Ez da, haatik, koroadun andre horrek jasotzen duen lehen ohorezko doktoretza. Areago, Espainiatik kanpoko unibertsitate batzuek ere errekonozimendu gorena eman izan diote. Ospe akademiko handiko Oxford eta Cambridge tartean daude, esaterako. Gauzak horrela, togaren eta satinaren arteko mugak lausotzea lehendik datorrela dirudi. Bai eta unibertsitateetako errektore batzuk moda aldizkarietan agertzea ere.
Gaur, otsailak 20, protesta egiteko asmoa iragarri dute unibertsitate bereko zenbait langilek. Ohorezko izendapenak, haien hitzetan, gizarteari ekarpena egindako pertsonak nabarmentzeko balio behar luke: ikertzaileak, sortzaileak, pentsalariak eta, oro har, meritua leinuan ez dagoela oroitarazten diguten bide-urratzaileak.
Unibertsitate publiko bateko langilea naizen aldetik, bihoa nire ohore plebeioa protestatzera ausartu diren kide horiengana. Gaur. Otsailak 20.
Edu Zelaieta Anta.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.