Iritzia

Belaun baten ibili herrenak

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2026ko urtarrilaren 16a

Argazkia: FREEPIK.

"Minak zein etsipenak estutzen dutenean, zenbait printzipio erlaxatzen zaizkigu"

Ia urte eta erdi daramat sakelako soziologia egiten, belauneko lesio bikoitz bat dela medio. Orain arteko ibili herrenean, osasungintza pribatura jo duten pertsona frankorekin egin dut topo. Ez naiz ari modu orokortuan erabiltzen ditugun fisioterapia edota psikoterapia zerbitzu pribatuez –horiek ere, argiki, osasun arloak izaki–. Ari naiz oftalmologia, ginekologia edota traumatologia bezalako arloez.

Minak zein etsipenak estutzen dutenean, baldin eta sakelak ondasunik badu, zenbait printzipio erlaxatzen zaizkigu. Aurreko astean ordaindu nuen nire poltsatik erresonantzia magnetiko bat. Testuingurua sinplea da: lehen erresonantziak urtebete baino gehiago du, nire belaun maskalduak nabarmen egin du okerrera, eta otsailerako nuen traumatologiako hitzordua bertan behera gelditu zela jakinarazi zidaten abenduan. Urte zaharra agurtu aurretik larrialdietara joan nintzen, baina behar bezala ezin nindutela artatu adierazi zidaten. Bezero bihurtzen hasitako herritar honek erreklamazio bana aurkeztu zuen Urtezahar egunean Osakidetzan eta Arartekoan.

Eustaten arabera, EAEko familien osasun gastua %15etik gora hazi da pandemiaz geroztik. Unesparen estatistikek diotenez, EAE da, Madrilen atzetik, osasun aseguru pribatu gehien dituen erkidegoa: lautik batek ba omen du halako poliza bat euskal erdi honetan. Belaunak buruari galde: zer dago datu horien atzean? Agian, Marina Garcesek ohartarazten duen moduan, behinola lortutako guztia amaitzen ari dela pentsatzen dugu. Ikuspegi apokaliptiko horretan nork bere burua salbatzea da irtenbide bakarra; paradoxikoki, gure bizi-itxaropenak gora egiten duen bitartean.

Arestiko kontuak ez dira erraz kabitzen zenbait diskurtso instituzionaletan. Adibidez, denboratxo bat darama Eusko Jaurlaritzak bere Osasun Itunaren lorpenak iragartzen. Hala ere, aspaldi honetako ibili herrenak erakutsi dit, herritarrek ez ezik, Osakidetzako langileek ere adierazten dutela sistema publikoa ahuldu eta kaskartu egin dela.

Gasteizen berrehun urte bete dituen Puente Farmaziako botikariak berriki esana: lo hartzeko eta mina kentzeko medikamentuak dira egun gehien saltzen direnak. Horiek ere, belaun maskalduaren ustez, gure ibili herrena salatzen dute.

Edu Zelaieta Anta.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago