Hau ez da nik superlatiboekin dudan arazorik handiena. Ez ikusiena. Ez entzunena.
Zahartzea da ezbairik gabe bizitzan gerta dakigukeen paturik hoberena. Aitzitik, inork ez du zahartu nahi.
Pentsatzeak denbora eskatzen du. Horregatik egiten ote dugun gero eta gutxiago.
Iraultza egitea dena aldatzea bada, akaso ez dago denbora baino iraultzaile eraginkorragorik.
Informazioa demokratizatua dagoen honetan, jakintsuak garelako uste ustelean gaude. Barre-algaren oihartzuna aditzen dut batzuetan; karkailen erreberberazioa XXIII. mendetik datorrela uste dut.
Bestela begiratzen duenak bestela ikusteko aukera du.
Begiek, ahoaren pare, solas egin dezakete; eta, ahoaren pare ere, agian okertu.
Problema beti da semantikoa. Bihotzaren hiztegia dixit.
Maiz irakasleak eskatzen du berak ikasleei ematerik ez duena. Beharbada, eta hain zuzen ere, berak ematerik ez duelako.
Idatz dezagun behingoz hezkuntza curriculuma haur letraz.
Harro eta ozen zabaldutako transgenikoa: Tú y tu música, lo demás no importa (Spotify).
Edu Zelaieta Anta.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.