Ikastaroa hasi eta gutxira gertatu da liskarra. Esan dezagun, eskulangintzan trebatzeko asmoz, lehen saiora bertaratutako lagun guztiak zuriak direla, eta horietatik gehien-gehienak –halakoetan ohi denez– emakumeak. Adinari dagokionez, bakan dira gazte kanonikotzat hartzeko modukoak, eta talde erditsua jubilatua dagoela erants liteke aparteko arriskurik gabe. Horra, kontakizunean aurrera egin baino lehen, lagunarte berriaren nolabaiteko profil bat.
Ekinokzioa ez bezala, ezustean etorri da iskanbila: irakaslea astean behin bilduko zirela esaten ari zela; eskulangintza eguneroko arazoak ahazteko terapia ere bazela azaltzen ari zela. Desenkontru mikatzak, nolanahi ere, ez du artisautzarekin zerikusirik izan. Egiari zor, eskulangilerik hoberenak ere nekez prestatuko zuen halako suziri bat, hain azkar eta bihurria…
Bueno, para ir conociéndonos todas, esan du halako batean gizonezko irakasleak. Eta hortik esaldi pare batera errepikatu du femenino generikoaren estrategia: todas. Bai eta hirugarren aldi batez ere jarraian. Orduantxe egin du salto gelan zegoen beste gizonak, ikasleen artean bakarrak, bera ez dagoela todas horren barruan protesta egiteko. Katean etorri dira beste erreakzio batzuk:
-Gu ere ez gara sartzen todos-en, eta mendeak daramatzagu horretan –kontra egin dio ikaskide batek.
-Zu, ikasleen artean, gizon bakarra zara, eta lehena hitza hartzen. Zergatik ote? –beste batek.
-Ba, ni ere emakumea naiz eta ez zait ongi iruditzen todas esatea –hirugarren batek.
-Eta niri ere ez –laugarren batek.
Eta halaxe, minutu batzuk lehenago inork ere espero ez zuen moduan, hasi da eskulangintzaren jai ozena. Terapiatik ere izan nahi omen duena. Elkarri mokoka; etiketak airean. Ez dakigu, ustekabeko txupinazoaren ondotik, nola hasiko diren ikastaroan. Ez eta nolako segida adostuko duten ere –adostera kondenatuak izaki– hasi berria zaigun udazkenerako.
Edu Zelaieta Anta.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.