Harrimena Lantzeko Ariketak

Dulan, dulan, dulan (II)

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2024ko eka. 9a, 11:00

"Zerekin harritzen gara? Dulan, dulan, dulan", AAren arabera. Irudia: Dall-E, Bing

"Ospatzeko motiboak landu behar ditugu, Edu. Eskolan. Lanean. Etxean. Benetako motiboak, alegia"

Ospatzeko motiboak landu behar ditugu, Edu. Eskolan. Lanean. Etxean. Benetako motiboak, alegia. Adibidez, gerra bat bukatu delako, gaur festa. Edo bihar. Bakearen kultura sustatzea. Bizitzaren alde jartzea. Hitzez harago, ekintzez. Zuen XXI. mendeko gizartea gehien definitzen duen ezaugarritik: aisialditik.

(Solasean jarraitu du Pessoak. Nik maiten dudan azentu portugesarekin. Euskaraz)

Dulan, dulan, dulan. Zerekin harritzen gara? Dulan, dulan, dulan. Zerekin ez hainbeste? Uppsalako Gatazken Datuen Programak (UCDP) konflikto armatuen gaineko datu egiaztatuak argitaratzen ditu, eta erreferentzia gisa erabiltzen dituzte nazioarteko erakundeek. Gatazka bat gerra noiz bihurtzen den erabakitzeko, heriotza kopurua da parametro nagusietako bat: urtebetean (gutxienez) 1000 heriotza eragiten dituzten gatazkak dira gerra.

Eta, Edu, badakizu zenbat gerra dauden gaur den egunean?

(Argi dago gaur neuri dagokidala entzutea)

Arestian ikusi dudanagatik, 56. Dulan, dulan, dulan. Zerekin harritzen gara? Dulan, dulan, dulan. Zerekin ez hainbeste?

Edu Zelaieta Anta.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago