Audientzia greba bati ekin dio Pessoak. Audientzia greba hautatu bati, haren hitzetan. Hori zertan datzan galdetu diot; nik terminoa ez nuen behin ere aditua. Mendebaldeak eragiten duen iruditeria monopolikoari greba egiten hasi naiz, erantzun dit. Eta hori nola egiten ari zara, Fernando? Bada, lehen-lehenik, bestelako ahots eta kontakizun batzuk bilatuta.
Zuen mendeak hauspotutako Internetak aukera ematen du alde horretatik. Paradoxikoa den arren, hizkuntza kolonoekin –portugesarekin, gaztelaniarekin, frantsesarekin, ingelesarekin…– bestelako edukiak ikusi eta entzun daitezke. Eta horretarako aski da pauso txiki bat: Al Jazeera English, adibidez. Pauso txiki bat diot –solasean darrai Pessoak– Qatarreko komunikazio taldea, berez, mendebaldeko eredutik sobera urrun ere ez dagoelako; nahikoa, nolanahi ere, gure begi-belarriak bestela sintonizatzeko.
Konparazio baterako, mundu mailako erreferentziak askoz normalizatuago daude bertan. Eta Afrikaz eta Asiaz ere hitz egiten da. Afrikatik eta Asiatik, hain zuzen ere.
Edu Zelaieta Anta.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.