Harrimena Lantzeko Ariketak

Inportanteena

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2024ko mar. 3a, 11:00

"Zortzi urteko alabak aitari haurtzaroaz hitz egiteko eskatu", AA-ren arabera. Dall-E, Bing

Leziotxoa eman dio, orduan, umeak helduari: ez didazu kontatu, adibidez, zer beldur izaten zenituen txikitan.

Zortzi urteko alaba kexu da aitarekin. Bere haurtzaroari buruzko oso gauza gutxi kontatzen omen dizkio helduak umeari. Berehala erantzun dio aitak hori ez dela egia, bere haurtzaroaz hitz egin izan diola; hainbat aldiz, gainera. Alabak erreplika eman dio: inportanteena, baina, ez didazu kontatu. Inportanteena? Galdetu du aitak. Zer da, bada, inportanteena? Leziotxoa eman dio, orduan, umeak helduari: ez didazu kontatu, adibidez, zer beldur izaten zenituen txikitan. Egunez. Gauez.

Eszena Celine Sciammak idatzi eta zuzendutako Petite Maman izeneko filmetik atera du Pessoak. Eta nik eskertu egin diot. Bakoitzak (txikitan) zituen eta (handitan) dituen beldurrez aritzeko aukera eman digulako. Behin ere desagertzen ez omen den energiaren gisara, denboraren poderioz beldurrak gugan nola aldatu diren elkarri adierazteko moduan jarri gaituelako.

Uste dut, harrimenaren orain arteko bide partekatuan, Pessoarekin izandako unerik katartikoenetako bat izan dela. Haur baten jakin-mina tarteko. Funtsean garen hauskorraz. Gizonetik gizonera.   

Edu Zelaieta Anta.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago