Dingilindango batek sortu omen du liskar antologikoa. Inor gutxik espero zezakeen egoera batean. Gertatuaren lekuko izaki, honatx Pessoaren kontakizuna:
Semaforo batean hasi dira pilatzen oinezkoak, argi berdearen esperoan. Ez bat eta ez bi, adin ertaineko gizon batek ekin dio aldaka kulunkatzeari, fisioterapeutak gomendatutako baskula pelbikoari. Adin beretsuko emakume batek lizunkeria ikusi du mugimendu ustez askatzaile eta osasungarrian. Gizonak konplexurik gabeko erantzuna eman dio, ezertxo ere ez baitago osasunaren gainetik. Horretan, neska gazte batek erakutsi dizkie antebertsio (ipurdia kanporantz) eta erretrobertsio (pubisa sabelerantz) mugimenduak. Esfinterrak uzkurtuz betiere, erantsi du. Orduantxe sartu dira eztabaidan beste hiru pertsona batera, mesedez eta faborez halakoak bakoitzaren etxean egiteko. Semaforoa hirugarrenez berde jarri denerako, hamar bat lagun ari ziren dezibel kolpeka. Gero eta zakarrago elkarren kontra, elkarbizitzaren izenean.
Pessoa izan omen da bakarra kalea gurutzatzen. The Basque conflict remains.
Edu Zelaieta
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.