Iritzia

Haur Hezkuntzan poesiarik ez?

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2023ko eka. 25a, 10:00

Arg: 'Alferrikakoaren balioa. Manifestua'.

"Nuccio Ordineren itzulpena publikatu berri du Pamielak. 'Alferrikakoaren balioa. Manifestua', Fernando Reyren eskutik".

Ekainaren 9an argitaratu ziren EAEko Hezkuntza curriculum dekretu berriak: Haur Hezkuntzarakoa, Oinarrizko Hezkuntzarakoa eta Batxilergorakoa. Haur Hezkuntzako etapa zehazten duen curriculum dekretuak 41 orrialde ditu; Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko Lanbide Heziketa biltzen dituen Oinarrizko Hezkuntzarenak 347 orrialde ditu; eta, azkenik, Batxilergoarenak 491 orrialde ditu.

Dekretuek, ikasteko nahiz irakasteko prozesuak aintzat hartuta, edukiak, helburuak, konpetentziak, ebaluazio-irizpideak eta metodoak xehatzen dituzte. Alde horretatik, curriculum bakoitzak zenbat orrialde dituen erreparatuta, esan daiteke ibilbide akademikoan aurrera egin ahala gero eta kontu gehiago azaldu behar direla. Hala, bi urteko Batxilergoak askoz ere tinta gehiago isurtzea eragiten du sei urteko Haur Hezkuntzak baino. Dekretuen arestiko luze-laburrak, neurri batean behintzat, hezkuntza sistemari begiratzeko gure ikuspegiaren berri ematen duelakoan nago.

0-6 urte bitarteko umeak hartzen dituen Haur Hezkuntzako curriculum berriaren hitzetan, “haurren garapen integrala eta harmonikoa bultzatu nahi du, dimentsio guztietan: fisikoan, emozionalean, afektiboan, sozialean, kognitiboan eta artistikoan”. Halaber, zenbait printzipio agertzen dira dokumentuaren hasiera aldean: inklusioa, aniztasuna, hezkidetza, haurren ongizate emozionala, irakasleen rol aktiboa, familiak inplikatzeko estrategiak… Bestela esateko, hezkuntza errealitatea eraldatzeko tresna dela zehazten da.

Hain zuzen ere, lehen orrialde horiek irakurtzen ari nintzela, Nuccio Ordine filosofoa hila zela jakin nuen. Irakasle italiarrak argitaratutako lanik ospetsuenaren euskarazko itzulpena publikatu berri du Pamielak, Fernando Reyren eskutik: Alferrikakoaren balioa. Manifestua. Eta, Haur Hezkunzari buruzko 41 orrialdeko dokumentu ofiziala irakurri ondoren, are gehiago sumatu dut haren falta. Izan ere, curriculum dekretuan jolasaz, sormenaz, pentsamendu kritikoaz, ahozko komunikazioaz edota literaturaz mintzatzen den arren, POESIA EZ DA AIPATZEN. Behin ere ez.

Edu Zelaieta Anta.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago