Maiz ukatzen zaie oraina umeei, geroaren izenean. Helduon begiradatik, funtsean, eraikitzeko fasean dauden pertsonak dira haurrak. Gertakizun. Etorkizun. Eta, gizartearen etorkizuna direlako, nekeza da egiteko nobleagorik irudikatzea. Segur aski horregatik josten ditugu eskolaz kanpoko jarduerez. Akademiez. Kontserbatorioez. Eta segur aski horregatik jartzen dugu euren errendimendu akademikoa ororen gainetik. Geroa jokoan dutelako. Dugulako. Denok ere.
Orainaren gerrikoa lasaituta errazago hitz egiten da geroaz. Geroez. Eta ez kontu pedagogikoetan bakarrik. Gero horiek oraindik ez daude hemen, eta aukera guztiak irekita uzten dituzte. Eskuzabal. Alde horretatik, tentagarria izaten da etorkizunera jotzea. Hobe beharrez, haren izenean jardutea. Fede handiz.
Eta fedeaz ari garela, dagoeneko hemen dugu aurtengo lehen hauteskunde kanpaina. Ofiziala. Hautagaiak, geroaz eta geroez barra-barra aritzeko eperik emankorrena. Saiatuko dira haietako batzuk, gehientsuenak akaso, kontu batean pertsuaditzen: haiei botoa ematea dela oraingo egoera hobetzeko modu bakarra. Orainetik gerora. Gaudenetik geundekeenera.
Baina, alderdiez gainera, bada bestelako hautagaitzarik. Adibidez, abstentzio aktiboa aldarrikatzen duten norbanakoak nahiz taldeak. Edota, abstentzioa –pasiboa zein aktiboa bereizi gabe– kritikatzen dutenak, bozkatu ezean kexatzerik ez dagoela diotenak. Baita etikoki ezkerra bakarrik bozka daitekeela oihukatzen duena ere, bere diru edo ondasun guztiak ogasunean aitortu gabe. Eta, noski, lerro hauetara ekarri ez ditugun beste zenbait aukera ere badaude.
Nolanahi ere den, geroak esango du zer ari garen orainean. Eta ez maiatzaren 28an soilik.
Edu Zelaieta Anta.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.