Ez galdetu niri

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2022ko aza. 27a, 09:19

Arg: Pixabay

"Ez galdetu niri migratzaileez, basamortuez, txarrantxez"

Ez galdetu niri azaroez,

martxoez,

emakumeez.

Nik erantzunda,

bestaldez zipriztindutako isla

miresgarrian murgilduko gara.

Galdetu, nahi baduzu, Akilesen koleraz,

Ovidioren erbesteaz,

maitatzen ikasteaz.

 

Ez galdetu niri haurrez,

gazteez,

zaharrez.

Nik erantzunda,

iraganaren eta geroaren arteko fikzio

borobilduan sartuko gara.

Galdetu, nahi baduzu, heldutxo izateaz,

boterearen adinaz,

biziaren konplexuaz.

 

Ez galdetu niri migratzaileez,

basamortuez,

txarrantxez.

Nik erantzunda,

ezagutu gabeko kartografia

lauan ibiliko gara.

Galdetu, nahi baduzu, gauaren epelaz,

legearen gozoaz,

europarron lotsaz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago