Berria izan da paperean patxada aurkitzearena. Papergintza aspalditxotik krisialdian dagoen honetan, aterpe gertatu zaizkio O.-ri udan paperean irakurritako liburuak. Horiek denak, haren irakurtzeko ohituren kontrara, fikziozko lanak izan dira: beste denbora batean kokatuak, beste leku batean gertatuak, beste hizkuntza batean emanak. Aurretik planifikatua ez zuen arren, distantzia ia sendagarria ezarri ahal izan du errealitate deitzen dugun fenomeno konplexu horretatik. Eta, nolako onura ekarri dion ikusita, horri eutsi nahi diola erabaki berri du.
Ane Gebararen eta Josune Velez de Mendizabalen Txilin-hotsak performancea noiz hasiko zain dago O., eserita, ezagutzen ez dituen pertsonez inguratuta. Ikasturte hasierak ohiko abaila hartua du jadanik –horrek dakarren guztiarekin–, baina ohi baino dezente lasaiago dabil. Ikusi beharko da. Denborak esango du. Momentuz, osasun eta lan arazoak txikiagoak direla dirudi. Aurrera, bada, paperean aurkitutako patxadarekin, ziurgabetasuna ziurtatua dagoen honetan. Zirkunstantziak zirkunstantzia. Diagnostikoak diagnostiko.
Lehen antzezlana ikusi du, pandemia hasi zenetik. Atzean daude, besteak beste, ospitaleetako gau luzeak eta egun motelak. Ederra iruditu zaio bi antzezleek jendaurrean lotsagabeki proposatutako umore absurdoaren festa. Handik atera orduko, komunikabideetan hamaika aldiz ikusitako guru jakintsu horiek burlaizez imitatuz, esaldi bat bota du: "Gelditzeko etorri da ekinokzioa".
Ikusi beharko da, bai. Udazkenak zer asmo dakarren. Egunaren eta gauaren artekoa nondik nora mamitzen den aurrerantzean.