Tarteka, parkera begira dauden aulki erosoetan aldizkariak irakurtzen ditut. Fotogramas, Ruta 66 eta TMEO ditut kutunenak. Azken honetan, Mauro Entrialgok Ane Lindaneri egindako elkarrizketa aurkitu nuen.
Bukatutakoan, apalategietara abiatu nintzen. Entrialgok liburu bat idatzi berri duela akordatu nintzen. Libre zegoen, Floridako "Saiakera" arloan. Bat-batean, burutik pasatu zitzaidan: eta hizketan agertzen zen Lindaneren lehen liburua? Han zegoen, "Umore literatura" atalean. Biak maileguan hartu eta etxera joan nintzen, pozik.
Ez nekien ia ezer Aneri buruz. Bakarrizketaria zela. Sarean gustatu zitzaidan bideoren bat ikusita neukan. Askatasunak zeharkatzen du Hasta la potxola me tenéis (Zorrotz Liburuak). Bizipen gordinak eta hausnarketa originalak uztartzen dira hogeita bost ataletan. Hiriko muralak sortzen ari dira salaketa-pintadei lekua kentzeko? Batukadak leloak isiltzeko? Bazterrean bizi direnen nahiak zein kezkak dira nagusi narrazio poliedrikoan, eta, hari moduan, edozein motatako magufaden aurka, zientzia eta aktibismoa jartzen du Anek. Amen (antiklerikal) batean amaitu nuen, eta ilaran nago hurrengo despotorre-aren zain. Gainera, berak ere ez ditu etxeko leihoak garbitzen. Gauza horiek elkartu egiten dute.
Entrialgo bidaidea da aspaldi: komikiak, antzezlanak, filmak (Gente pez ahaztu hori)... Orain, Herminiori kazetaritza gabardina lapurtu dio bizi garen garaia ikertzeko. Esango nuke morala –moral gabezia– dela protagonista Malismo: la ostentación del mal como propaganda (Capitán Swing) osoan zehar. Lanak helburu zehatza dauka: azken aldiko maltzurkeriaren ziztadak eta estrategiak aztertzen ditu alderdi politikoetan, fikzioan, hedabideetan, sarean, erlijioan... findua izan behar ez den gaiztakeria sortzea, esatea edo zabaltzea errentagarri bihurtu da-eta, gizartearen zati batek portaera onartu arte. Liburua egunerokotasunarekin lotzen da, eta, aldi berean, oso aberatsa da historia eta kultur erreferentzietan. Betiko Mauro eta beste Mauro bat elkarlanean. Sakonagoa da bigarren hori, literarioa, ala binetek ere hausnarketa potoloak igortzeko gaitasuna daukate pilula dosi txikietan?
Amen (antiklerikal) batean amaitu nuen, eta ilaran nago hurrengo despotorre-aren zain
Bi aurkikuntza atera ditut elkarrizketa bakar batetik. Eta zalantza bat. Izan ere, umorea Ane eta Mauroren ohiko lurraldea izanda, liburuetan agertu arren, nahiko serio jarri dira biak. Egia da zaila dela barreari narrazio luzeetan etengabe eustea, eta, horrez gain, ez dutela amaigabeko algara batean bizi behar, baina, aldez aurretik mugatu nituen estereotipoan ala garai honetan sortzaileek umorea gainditu behar dute zerbait gehiago adierazteko premian?
Lindanek dio barrea beldurra gainditu eta gero agertzen dela. Ikara erraldoi baten barnean gaude –badakizue zertaz ari naizen– edo beste atal tamalgarri bat –gogoratu munduko aurrekari ugariak– besterik ez da?
Taberna bat izatea beti izan da lagunekiko fantasietan aurkezten zaigun amets xelebre bat, ezta? Mauro konturatu da Madrilen –Gasteizen ere nabaria da– taberna askok "kanalla" edo halako hitzak hartu dituztela izenean. Haren tesiaren beste isla txiki bat da. Maltzurkeriaren hondarrez jantzi dira, tatoo baten moduan. Uste dut Lindane Taberna -ez nekien abizena kutsatzaile batetik etortzen zitzaionik liburuan ikasi arte- kutsu horren gainetik joango zela. Benetako punka dauka. Mauroren ustez, zapalketaren kontra doana, ez harrokeri hutsarena. Tabernan erakusleihoak zikinak egongo ziren, noski.
Ignacio Aldekoa kultur etxean leihoak garbi-garbi daude. Isiltasuna eskatzea ez da beharrezkoa dagoeneko, ia erabiltzaile guztiek kaskoak daramatzatelako. Liburuak bueltatu ditut. Gehiegi irakurtzen dudanez, hamaika hartzen ditut maileguan, baina onenak agendan sartzen ditut. Bi gehitu dira, oparitzeko aproposak, nahiz eta orandik ez ulertu zergatik bata Umore literatura atalean zegoen eta bestea Saiakera atalean. Malismo bat izango da, ala despotorre hutsa?
David Mangana.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.