Iritzia

Jatorrizkoa

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2023ko mar. 19a, 10:00

'Suro'

"Non dago nire arabiera maila ertaina? Ez zen ingelesa baino garrantzitsuagoa etorkizun hartan?"

Boikota egin nion mundialari. Messik Madrili emandako jipoiez aparte, ez naiz oso zalea izan inoiz, baina, nola edo hala, zainetan eramaten dut futbola. Mutilei sena ondo ikasiarazten digute. Ez dut partidarik ikusten, baina bai laburpen batzuk, eta badakit sailkapena nola doan. Mundialetan partidarik onenak jokatzen omen direnez, beti gustatu izan zait baten bat ikustea. Hori dela eta, telebista itzaltzea esfortzu txiki bat da niretzat.

Zinemara joan nintzen Maroko-Espainia jokatzen zen bitartean. Suro ikusi nuen. Gustatu zitzaidan, baina arraro egon nintzen hasieratik. Ez partidagatik. Ez nekien filma nagusiki katalanez zenik, doblajearekin. Baina –hau arraroa– itzulpena katalanetik gaztelerara zen bakarrik. Beste hizkuntza batzuk agertzean, azpitituluak jartzen zituzten. Zer Babel mota da hori?

Zinematik atera eta berehala, partidaren emaitza ezagutu nuen. Autoetako lehiatiletan, banderak. Aurpegietan irriak, oihuak… Zer esango zuten? Nahiz eta zentzua argia izan, filmaren azpitituluak faltan bota nituen.

Beti pentsatu dut lanparako jenioaren aurrean nire lehenengo eskaera hori izango zela; hau da, hizkuntza guztiak bat-batean menperatzea. Edozeinekin hitz egiteko aukera izatea, edonor ulertzea. Burugogorra naiz, baina ikasteko pixkat alferra, baita hizkuntzak ere. Gaztelania; euskara, pixkanaka: ingelesa, "maila ertaina"… Hori da nire patrimonio petrala. Gogoratzen dut, nerabezaroan, errepikatzen zuten esaldi hura: "El inglés va a ser importante en el futuro". Irlandara joan nintzenean, garagardoak eskatu eta ordaindu nituen. Elkarrizketa pare bat egin ditut prentsarako ingelesez, oso motzak. Musika asko sasiulertzen dut. Maila ertaina!

Heldua izanda, zailagoa da ikastea. Denbora, lana eta aitzakia horiek guztiak. Euskategian hasi nintzenean, duela hamar bat urte, ikaskide batzuk erreta zeuden. Euskara ikasteko beharra zuten, lanagatik, oposizioetarako. Niretzat plazera zen. Nahia –jeniorik gabe– betetzen ari nintzen. Ikastea horrela ez bada, beti zailagoa da. Egun, nahiz eta etorkinen solasaldiak kalean ezin ulertu –Non dago nire arabiera maila ertaina? Ez zen ingelesa baino garrantzitsuagoa etorkizun hartan?–, arinago sentitzen naiz. Euskara neukan nire aurrean, betidanik, hiriko pantailan, itzulpen zein azpititulurik gabe. Jatorrizko bertsiotik gertuago nago.

Imajinatuko duzue zergatik egin nion boikota mundialari. Obretan hildako milaka lagun horiek, zapaldutako eskubideak, korrupzioaren enegarren kapitulua… Milioika lagun ikuskizuna gozatzen, eta ni han nengoen, eguzkiari topa.

Ez zen inolako esfortzurik izan, baina, zertarako balio zuen horrek? Aurrerago enteratu naiz pentsatzen nuen baino gehiago izan ginela. Banaka, gure futbol geneak manipulatu genituen. Ez da garaipen txikia.

"Eta hurrengo mundiala ikusiko duzu? Estatu Batuak Qatar baino hobeak dira, ala?".Bai, oso galdera ona. Horri zineman erantzungo diot, lau urte barru, eta espero dut jatorrizko bertsioan botatako pelikula baten aurrean izatea. Agian ez dut inolako azpititulurik beharko, batek daki.

Baina, nola aurkituko dut jenio hori?

David Mangana.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago