Diotenez, Youtube ezkontza baten irudiak gonbidatuen artean erosoago partekatzeko jaio zen. Egun, elkarbanatzea ez da helburu bakarra sare hori edota gainerakoetan. Like-ak pilatu, jarraitzaileak bildu, identitatea eraiki, informatu edo infoxikatu, dena biralizatu... Kontua ez da banatzea, baizik eta ozeano birtualean artxipielagoak sortzea, prefabrikatutako irlekin erreinu likidoa menperatzea.
Lan egin dudan egunkarietan argazkilariek, benetako protagonista ailegatu baino lehen, eskatzen zidaten haien aurrean geldirik egoteko. Ez nuen arazorik. Argi-probak egiten zituzten. Kameren biktima izateko ohitura daukat. Txikitatik sortu dut konfiantza. Amak argazki-dendetan lan egin zuen, eta horri seme bakarra naizela gehitzen badiogu, imajinatu gurasoenean albumak gordetzeko kajoia. Hainbeste irudiren artean, nire aurpegiak, noski, ezberdinak dira. Alaiak, aspertuak, ergelak… Edo, argazki batzuetan, serio.
Arraro bihurtu dira azken horiek, ezta? Nor agertzen da serio orain argazkietan, NANarenean ez bada?
Gogoratzen ari naiz aitona edo amonaren gurasoen argazki bat. Biak tente, jantzi ilunak, zelaia bizkarrean. Zer pentsatzen zuten? Haien aurpegiak bezain serioa eta zuribeltza zen bizitza edo kamerak errespetua sortzen zien? Argazkia partekatu nahi zuten? Norekin? Nirekin? Historiaren une batean hilei erretratuak egiten zizkieten. Modelo zintzoak izango ziren, dudarik ez, mugimendu gutxi. Batzuetan begi irekiekin ere kokatzen zituzten edo –ia ikaragarriagoa– aulkietan eserita, soka ezkutu batzuei helduta. Berpizte haiek azken oroitzapenak ziren familientzako. Azkenak eta, ziur aski, bakarrak.
Testigantzaren helburu hori mantendu da, baina ez kutsu intimoa. Irudiak ez dira gordetzeko. Biderkatzeko dira, produktuak bezala. Sare sozialetan hori baino ez garela iruditzen zait, kontsumoaren ondorio, zoriontasun gizartearen stock-a. Spot-aren lengoaia barneratu dugu, salmentan gaude gure irribarre sasipublizitarioekin. Ez dago beste aukerarik gure keinurako? Badago. Ezpainak atera, begirada zerura mistikoki botata. Benetan? Hori da gure izaera-sorta? Izoztutako zoriona edo ikasitakoa? Pozik edo poser?
World Press Photo lehiaketa irabazteko munduko tragediarik handienak islatu behar dira, eta gure egoera zabaltzeko komedia txikienak. Bi iturriak alderatzekotan, mende bat barru bizi izango direnentzat gure garaia ez da pixkat susmagarria izango?
-Gerrak, pandemiak, krisiak… eta horiek ziren haien musuak? –galdetuko diote elkarri–. Bilatu zeintzuk ziren garai hartako drogak, mesedez.
Eh! Ez pentsa! Ez nago zoriontasunaren kontra. Epicuro zalea naiz. Carpe diem eta noctem! Baina horiek ez dira gure aurpegiak. Gure irudia pixkanaka kodifikatzen ari gara, Narcisoak errekako ispiluan, modeloen modeloak, Jokerren seme-alabak.
Argazkilaritzaren generoen artean, nire kutunena kale-argazkia da. Doisneau, Maier… Ehiztariak. Uste dut asko gustatuko litzaigukeela kalean lapurtutako gure irudiak izatea. Irudia erreskatatzea, aurretik ikusitako objektiborik gabe. Detektibeak kontratatu behar ditugu geu ezagutzeko. Edo ezkontza batera joan, eta emozio guztiak askatu. Egiteke dago, errebelatu gabe, gure benetako aurpegia. Baina orain… Esan… pa-ta-ta!!