Magikoki gripalizazio bihurtzen ari den pandemoniumetik gehien harritu nauen irudia ez da komuneko paperarena izan. Ezta txakur faltsuen paseatzaileena ere. Milaka daude, errepasoa egitean. Mila kontraesan eta erridikulu antzeztu ditugu, beldurraren aitzakia lagun, baina, dudarik gabe, niretzat harrigarrienak hegaldi fantasmak izan dira.
Guztiok etxean geundela, lurreratze-eskubide bat edo mantentzeko, konpainiek hainbat hegazkin bidaltzen zituzten hara-hona, hutsik, bakarrik lege hori betetzeko. Pilotuak eta laguntzaileak imajinatzen ditut, isilpean edo jai-giroan. Terrorismoaren kontrako polizia infiltratua, haren nortasuna inoiz baino argiagoa, Wally triste bat besaulkien artean.
Milaka hegaldik milioika litro erre zituzten, eguzkiari topa, krisi klimatikoaren kontrako gomendio guztiak sute berean botata. Argi dago burokraziak irabazi gaituela. Haren esklabuak gara. Ez dugu onartu? Hori da lehen urratsa benetako erresistentzia antolatzeko, eta ez sare sozialena.
Nahiko praktikoa naiz. Eguneko argia aprobetxatzen dut irakurtzeko. Bidexkak bilatzen ditut hitzordurako bidea azken unean hartzeko. Hori dela eta, berria ikusi eta berehala hasi nintzen bidaia horiekin zer egin pentsatzen. Zergatik ez ziren aprobetxatu? Oraindik ez zegoen txertaketa masiborik, noski, mugitzeko baimen gutxi, mugak itxita. Ez nekien zer asmatu. Hegazkinak bezain hutsik nire burmuina.
Berandu da, baina azkenean okurritu zait. Hurrengo biruserako –ez dute sasilege hori aldatuko, beharrezkoa izango da hegaldi hutsak berriro ere aireportutik airepotura bidaltzea, pinball kutsakor, garesti eta ia makabroa errepikatzea– gorde daiteke proposamena: abioi guztiak kulturgileekin betetzea.
Bi hegaldi mota egongo dira. Lehenengoetan, Battle Royale moduan –ez naiz txipiroi jokoaren belaunaldiaren semea–, artistek Jaurlaritzaren dirulaguntzak lortzeko borrokatuko dute. Lehia intelektuala izan daiteke, baina, zergatik ez, baita fisikoa ere. Ez da beharrezkoa enegarren txertoa izatea. Irabazle garbirik ez bada, gaixotasunak murriztuko du saritu zerrenda.
Bigarren klaseko hegaldietan, dirulaguntzarik gabe aurrera ateratzen diren artistak joango dira. Edaria eta janaria doakoak izango dira, behintzat, sabela bete ahal izateko. Paseo bat, txango bat, mugimendu hutsa egokia da sormena esnatzeko. Gasteiz -Dublin-Gasteiz, demagun. Zinemagileak, idazleak, margolariak... Hodeien artean pentsakor, munduari begira, lurra zapaldu behar izan gabe. Joan eta etorri, besterik ez. Uste dut ideia politak aterako zaizkiela. Baita elkarlan politak ere, botilatxoak eskuz esku gehiegi pasatzen ez badira, eta sortzaileen arteko inbidia prototipikoak agertu ezean.
Aurreko batean esan nuen. Ez zitzaidan gustatu defentsa hura: "Konfinamenduak ikusarazi dit kultura zein garrantzitsua den". Ospitaleko langileekin bezala, egun bateko lore baten usaina zuen. Kulturzaletasuna ez da presioak jota txertatzen. Gaixotasun autoinmune bat da, bakoitzak gozatua.
Konfinamenduan jaio bazen, gripalizazioarekin joango da.
Zergatik proposatu dut kultur-hegaldien programa? Hurrengo birusean ahulenak lehen biktimak izango direlako berriro ere. Baina ez dut hain esaldi politik aurreikusten ordurako. Zerutik, behintzat, sortzaileei gehiago kostatuko zaie erortzea.