Erreboluzioak

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2022ko urt. 29a, 10:00

'Zilar printzak'

"Konpromiso txiki bat daukate guztiek, entzutearen erdian: jaiki, disko-jogailura gerturatu eta diskoari buelta eman"

Biniloak erostera bueltatu naiz. Sentsazio paregabe hori: etxera ailegatu, plastikoa ireki, zirkulu beltza pausatu, orratza jaitsi, kraska... Unearen balioa.

Azkeneko erosketen artean, Miceren Zilar printzak dago, lau abestiz osatutako EP bat. Beste erosketak ostiralean behin eta berriz "erre" eta gero –Pelax zein Niña Coyote eta Chico Tornadoren (hau CD formatuan) lehen lan boteretsuak–, larunbat goizerako utzi nuen Miceren azkena.

Zuzenean ikusi dut Miren Narbaiza. Eta Napoka Iriaren jarraitzalea nintzen. Horregatik, pixkat harrituta geratu nintzen gosarian, lehenengo abestia entzutean. Sakonegia zen ahotsa. Mark Laneganen modukoa. "Agian gonbidatu bat izango da. Ez dago gaizki...".

Bigarren abestia, ahots berbera. Erdi lotan nengoen, baina, azkenean, konturatu nintzen.

Bizpahiru EP baino ez dauzkat. Hainbeste denbora pasa eta gero, ahaztuta neukan botoi hori, 33/45-rena, biniloen abiadurarena. "Erreboluzioak!". Nire deskarguan, ezin dut burmuinaren abiadura goizez aldatu. Motela da. Baina, aitzakiak aitzaki, nitaz barre egin eta gero, beste sentsazio bat agertu zen: "Ia bi abesti entzun ditut horrela, nahiko gustura...".

(Oharra: ipuin batean, gatazkaren unea izango zen. Pertsonaiak etxeko binilo guztiak hartu eta, bata bestearen atzetik, kontrako abiaduran jarriko lituzke, sekretu izugarriak aurkitzen).

Estropezu mental hori Boderen ixtearen astean gertatu zen. Bai, niretzat ere albiste tristea izan zen, nahiz eta ez, adibidez, bere garaian, El Tuerto tabernarena bezain gogorra. Gaztaroan, Bode azken orduko poterako zen. Giroa bermatuta zegoen. Bizirik zen, beti. Handik aurrera, ordutegia zabaldu nuen: kafeak goizez, garagardoak arratsaldez... euskaltegiko lagunekin kedadak, egunkarirako elkarrizketak…

Babestuta egoteko gune bat zen, barruan zein kanpoan. Baina, ezaugarri bat aukeratzekotan, musika izango zen. Doinua zen beti protagonista, El Tuerton bezala. Musika eta dantzarekin lotu ditut beti nire tabernarik kutunenak.

Itxi eta gero, guztien erreakzioa, oroitzapen eta tristuraz aparte, beldurra izan da. Nork hartuko du? Frankizia bat agertuko da? Nola berpiztu daiteke, negozioen ixte masiboa ikusita? Ni lasai nago. Uste dut erronkaren mailan dagoen norbaitek Euskararen Etxearen luzapena izango den leku bat eraikiko duela.

Inozoa naiz, bai, El Tuertorekin ez zen halakorik gertatu. Gertatzen dena da kokoteraino nagoela. Zergatik besarkatzen dugu adore falta beti, hasiera-hasieratik? Eszeptizismoa baino ez dugu ikasi? Nolako beldurtia, halako ezkorra.

Agian konfiantza ergel hau biniloen eragina da. Konpromiso txiki bat daukate guztiek, entzutearen erdian: jaiki, disko-jogailura gerturatu eta diskoari buelta eman.

Ukaezina da beti alde bietako bat gehiago gustatzen zaigula, eta maiteena bigarren aldiz entzun dezakegu, buelta eman baino lehen. Baina, berriro errepikatuz gero, eta gero laugarrenez, malenkonia abestiak kutsatzen joango da. Goxoa da batzuetan oroitzapenen melodiaren lorratzean sakontzea, emozioen zirkuluan murgiltzea, baina bizitzaren erritmoa marratzen, geldotzen, faltsutzen joaten da.

Eta, argi dago, Miceren diskoa askoz hobea da bere erreboluzioan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago