Uztailean Panfletario irakurri nuen. Literaturaren atzekaldeari buruzko obra bat da, Iban Zalduaren irudipenaz, umoreaz, ironiaz blai. Plazera da aldizka haren estiloa burmuinean txertatzea. Antza dauka jolasarekin.
Zalduari zerrendak gustatzen zaizkio. Baita niri ere. Batzuetan pentsatzen dut idaztea pentsamenduak ordenatzea besterik ez dela. Atal txikietan garatzen da liburua, eta idazleen nekrologikei buruzkoan gelditu nintzen. Kapituluak idazleen nekrologikak jorratzen ditu, baina beste idazleek egindakoak. Panegiriko horietan, idazle bizidunak haren sinadura azpimarratzeko, testuan hildakoaren protagonismoa bereganatzeko –hitzez hitz lapurtzeko–, komenigarria da idazlea zendu baino lehen berarekin anekdota bat eragitea, elkarren arteko lotura pertsonal bat izateko.
Hainbat idazlerekin hitz egiteko aukera izan dut. Bi etorri zitzaizkidan burura, ezagunenak. Kultura eta publizitatearen artean asmatu zen Topaketak katedralarekin programan izan zen. Lehenengo elkartzea Jose Saramagorekin izan zen, prentsaurreko batean. Aurrerago Ensayo sobre la ceguera irakurri dut, baina ordutik ez nuen haren lana ezagutzen. Dena dela, deialdia amaitu eta gero ilaran jarri nintzen berak liburu hori nire izeba eta osabari eskaintzeko. "Para Martín y Blanca" esan nion. Orrialdea, bueltan: "Para Blanca y Martín". Oraindik ez dakit adeitasun-kutsua, despistea edo aldarrikapen feminista bat izan zen. Zerbait txarto egin nuela sentitu nuen.
Irakurri gabe daukat Ken Follett, hori ez da aldatu. Elkarrizketa hitzartu nuen, itzultzailearen laguntza eskatuz. Agenda luzea zeukan, eta azkeneko kazetarien artean nengoen. Begiak erdi itxita, nabarmena zen nekatuta zegoela, baina zintzo erantzun zidan. Agurtzeko orduan, jaiki bitartean, ezin nuen aukera galdu. Zazpi urtez nola edo hala ingelesa ikasi eta gero, epilogoan ausartu nintzen, harro: "Thank you". "You’re welcome", esan zidan. Gelditu nintzen. Nola... niri ongietorria ematen? Zu zara etorri zarena. "Yes, you too", itxi nuen, urduri. Erredakzioan kontatu nuenean, barre-algarak.
Niretzat protagonismoa lapurtzeko taktika ez da mesedegarria.
Itxaron… Zaldua bi aldiz elkarrizketatu dut. Lehena, ipuin bilduma baten inguruan, Philip K. Dick azpimarratu nuen haren idazle kutsunen artean. Gomendio ona. Azkenengoan, Gora Gasteiz zen aitzakia. Gustura hitz egin genuen, Arkilloetan, baina ez dut ezer gogoratzen. Nik dakidanez, ez zen lotsagarrizko konturik izango, ez batean, ez bestean. Haren panegirikoa egiteko orduan –ez ahaztu ironia– K. Dick edo dokumentalaren anekdotak erabil ditzaket protagonismoa nire alde (artikulu honetan egiten ari naiz, isilpean) lapurtzeko. Baina... ondo pentsatuta, ziur nago berak prest izango duela dagoeneko haren laudorioa. Hainbat bertsio, agian. Zerrenda nekrologiko bat, irudipena, umorea, ironiaz blai. Ez dut irakurtzeko gogorik... aldez aurretik, jolas baten moduan, argitaratzen ez badu.
Panfletario irakurri, lagun. Lletreferit, letraherido, hitzakjota bazaude, gozatuko duzu. You’re welcome.