Igandea da. Kontraesanak pilatzeko beste egun apropos bat.
Hasteko, gosarian. Astean zehar, kafea eta zigarroa, besterik ez, presaka. Gaur, Italiako pizzaren erreinuan itzaletan bizi den erregina daukat, napolitana bat, palmerekin batera nire bekatuak. Hemen, itxuraz, ez dago kontraesanik... Baina, nahiz eta industria-goxokiak txarrak direla jakin, supermerkatuan salneurri baxuagoan zelako erosi nuen, amua onartuz, eta, garrantzitsuena, ibiltzera aterako naiz gosaldu eta berehala, izerdi pixka bat botatzeko. Koherentziarik?
Kalean dagoeneko, oraindik txokolatea dastatuz. Musukorik gabe joateko baimenarekin bigarren eguna da. Lagun guztiok, ezkutuan edo zuzen, elkarri begira gaude. Maskara kendu eta jarri, kendu eta jarri nabil, arduratsu… Baina lagunekin, batzuetan, ez diet neurriei kasu osorik egin. Hipokrisia, kontraesanaren beste konplize bat.
Batzuetan, igandetan Santa Barbara plazara noa. Plaza Berriko azoka hara mugitu dute. Hori pagotxa hori! Guztira 1,50 euroren truke, lau eleberri eta pelikula bat eramango ditut. Ez nolanahikoak, gainera: Steinbecken Perla zoragarria, Chejoven bi antzezlan, Stephen King-en ipuin-bilduma bat eta Lowryren Sumendi azpian klasikoa, gehi Peter Jackson-en Zilarra ahaztua. Pozik beharko nuke… Baina maisulan hauek dendan 50 euroren balioa lukete. Nola debaluatu da sormena honaino? Inporta zaigu? Hau ikusita, ez zen hobe izango kulturari jartzen dizkiogun makulu guztiak behingoz kentzea?
Bigarren eskuko kontsumoa zorroan, ariketa fisikoaren ordua. Men sana eta abar. Festarako, alde zaharra. Paseatzeko, jenderik gabeko lekuak, inoiz baino gehiago pandemia batean.
Hasi eta berehala, artikulu hau egiteko ideia ailegatu da. Askatzaileak dira urratsak. Sortzaileak. "Bihotzak zer pentsatzen duen jakiteko, begiratu nora doazen zure pentsamenduak ibiltzean"… Baina, aldi berean, nire ohitura beste kontraesan bat izan daiteke: barrualdea bisitatzeko modurik onena jendearengandik urruntzea al da?
Bikini-operazioa arrakastatsua izan da. Etxera izerditan bueltatu, dutxa hartu eta artikulua hasi naiz. Izenburua: Aldeesanak. Asmakizun bat da, grisak diren garai arraro hauetan baikorra izateko asmoz... Baina, zer demontre egiten du ni bezalako euskaldunberri batek, oraindik deklinazio batzuk ondo erabiltzen ez dituenak, hitz-jokoetan murgilduta? Gauren batean Etxepareren mamua etorriko zait ametsak zirikatzeko. Hau ez da kontraesan bat. Hau harrokeria hutsa da.
Artikulua bukatzear dagoela, azken kontraesana metatzeko denbora izango al dut? Birpasaketa. Kultura bultzatu ala eztanda egin nahi dut? Nire gorputzarekin konforme ala deseroso nago? Jendearen konpainia bilatu edo saihesten dut? Euskaraz idazteko orduan ausarta ala arduragabea naiz? Iritzi-lana da hau...
Baina, zenbat aldiz ez daukat argi nire pentsamenduak zeintzuk diren? Agian kontraesanik handiena halako testu bat amaierako puntu batekin bukatzea da. Edo zintzoena da?