Zahorien salbazioa

Erabiltzailearen aurpegia
Arg: @vladtepesfreakshow

 "Jaso duguna itzuli behar dugu. Esker onekoak izan"

Duela gutxi, irrati-elkarrizketa batean:

-David, konfinamenduan kulturak salbatu gaitu, ezta?

Telefonoaren bestaldetik, Clint Eastwooden plantak eginez, baina pixkat haserre:

-Kulturak beti salbatzen nau.

Negar egiten dugun bakoitzean, iraganean negar egin gabe utzi genituen kontuak ere ateratzen ditugu, sedimentuen moduan, ezkutuko bidaiariak malkoen artean. Ez dakit hausnarketa non irakurri nuen, baina ados nago. Niri, behintzat, gertatzen zait. Bestela, nola azaldu pelikula batzuekin –askotan telefilm petral batekin ere!– nire burua hain hunkituta aurkitzea? Bere unean bideratzen ez baditugu, emozioek, berandu baino lehen, zuloa aurkituko dute ateratzeko.

Kultura ur-bilatzailea da eta, sortzaile-sortan, nire ustez, zahori sakonenak literaturan daude. Narrazioaren bidez, aurkikuntza paregabeak lortzen dituzte. Isilpeko eztandak dira. Bat-batean, irakurketa gelditu, atzamarra orrialdean jarri eta istorioan agertu den putzua zure maparekin alderatzen duzu, sentimenduen kilimak dastatuz. Musikan, margolaritzan, argazkigintzan, zinean… nola edo hala, gauza bera. Gu islatzeko duen gaitasunagatik, kulturan beti erabili da ispiluaren metafora, baina nik bibrazioa nahiago dut. Kultur-zahoriekin batera, geuk ere makila biltegietaraino daramagu eta.

Etxe ondoan Jimmy Jazz aretoa daukat, pertsianatik oihuka: "Kulturak bakarrik salba dezake herria". Esaldiak egunero pentsarazten dit. Nor da salbatzailea? Nor da heroia, kultura ala gu? Alferrikako galdera agian. Quid pro quo. Oiloa edo arrautzarena. Giltzapean sormen-adierazpena gure esanetara jarri dugu. Liburuak berraurkitu, filmak hautatuz erotu, diskoei hautsa kendu diegu. Bitartean, zuzeneko ikuskizunen bidez bizi direnek, itota, ahalegin guztiak egin dituzte arnasa hartzeko, eta, nahiz eta asmakizun ugari probatu, oraindik ere hainbat lagun aretoetara joateko beldur dira. Zeruertzean kontrako uholdea aurreikusten da. Denok kontzertu edo antzezlan edo erakusketa batera joan nahi –eta behar– dugu distantzia neurtu gabe, baina hilabeteak geratzen dira loratze horretarako, leku murriztuak betikoak izateko.

"Konfinamenduan kulturak salbatu gaitu, ezta?". Bai, egia da. Unean unean ezinbesteko laguntza ekarri du. Agian, beti hori esanez, tiquismiquis hutsa besterik ez nintzen izan. Oso argi daukadana da, musukoa gorde, ustezko bizitza sasiarrunta berreskuratu arte, orain gure txanda dela. Bertako taldeen diskoak, lagun sortzaileen lanak, merchandising-ak, bazkidetzak… Dena erosi, oparitu, agortu! Harri koskor horiek urrezko kultur-hautsa dira platerean. Makilaz gain, eskuetan balantza daukagu eta. Jaso duguna itzuli behar dugu. Esker onekoak izan. Jarri ezean, hurrengo malkoekin koskor horiek sedimentu bihurtuko dira, adierazi gabeko emozioak, berandu ateratzen.

Superheroitasun erraza da zahorien salbazioa.

P.S.: Zuzeneko bizitza berreskuratzean, diskoak, filmak eta, batez ere, liburuak gozatzeari utziko diozu? Ez ahaztu etxean dastatutako kilimak. Aitortu, anormaltasun polita izan da. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide