Ez naiz inoiz Londresera joan. Ez da nire lehenengo helmuga izango "hau dena bukatu eta berehala" –egungo mantra–, baina gonbidatzen banauzue kontatu nirekin.
Joatekotan, Hyde Park bisitatuko nuke. Speaker's Cornerr-a. Eszenografiak erakartzen nau. Hizlari horiek, aspalditik diskurtsoak bota eta bota, zutik zerbaiten gainean, lurra ukitu gabe. Diotenez –egia edo kondaira–, distantzia horri esker, mintzatu bitartean ez dira Ingalaterra zapaltzen ari, eta, berez, herrian ez daudenez, diskurtsoa ezin da delitua izan.Hitz-sateliteak dira.
Azkenaurreko polemika zentsurarekin lotuta iritsi da. "Hassel, monarkia eta edukiontzia". Zaharrak berri. Boomerangak bezala, iritziak isiltzeko ekintzak itzultzen dira zintzo, aldian-aldian, gizarte baten gaixotasunaren seinale. Harritzekoa da Hasselena? Tamalez, ez, askoz gutxiago mozal legearen menpe egonda. Baina batzuetan zerbait berezia gertatzen da. Printzipe bat hil… eta lehen mundu gerra hasi. Abeslari bat kartzelan... eta hiri bat sutan. Hori da gehien azpimarratu digutena; hau da, ke-gortina.
Iritziarekin gure pentsamendua lebitatzen da. Hizlarien Kornerra bezalakoa da. Denok gure kutxa, eskailera, pisontziaren gainean… gure eskubidearen gainean, hitz egiteko aukera bera daukagu. Berdin harrikadak.
Naziak, arrazistak, homofoboak… Norbaitek Delorean jarri du martxan eta beste garai batean utzi berri gaituztela iruditzen zaigu. Haiek ere hitz egin dezaten. Ladran, luego cabalgamos. Haiek ere diskurtsoak bota ditzaten. Gu isiltzeko beharrari buruzko argumentuak ere, nahi badute. Haiek ere kanta dezaten. Melodia bakarra daukate...
Hori da eskubidearen sustraia, denontzat izatea. Askatasuna ez da arazoa. Koxka belarrian dago.
Heziketa on batekin (eta ez Pissaren iparrorratzak jota), benetako kultura bat gozatuz (eta ez botereak biderkatzen duena), eta batez ere hedabide masiboen laguntzarik gabe, arrazistak, naziak, homofoboak, dena delakoak… bakarrik geratuko ziren Hizlarien Kornerrean, publikorik ez. Daukagun hezkuntza-sistema, kultura-apustua eta informazio-mailarekin, aldiz, pentsamendu kritikoa gero eta egoera kritikoagoan dago, eta ozenago egiten duenak arreta bereganatzen du parkean.
Gure belarriak biluzik daude, eta Hamelin prest, erritmo izugarri batekin. Salatu eta epaitu, salatu eta epaitu, salatu eta epaitu. Abesti bat. Hitz bat. Kartel bat, duela gutxi, Gasteizen. Seinalatu eta oihu egin, Ultragorputzen inbasioa pelikulan bezala. Mailua eskuan, gero eta altuago dagoen pulpitutik, adierazpena lurperatzen den bitartean.
Jaitsi eta gero, zerbait pentsatzen ari naiz. Bihar nire iritzia ezberdina izango ote da? Geure buruarekin zintzo jokatzen badugu –ikusi eta ikasi–, ziur aski ideia batzuk birziklatu behar izango ditugu bizitzan zehar. Egin ezean, zentsurak irabaziko du. Barnekoa izango da eta... Londreseko nire ostatura noa. Kritika gogorrak entzuten ditut bizkarrean. Nire eduki(ontzi)ak erretzen ari dira batzuk. Niri bost. Gustora geratu naiz. Kutxa libre dago. Noren txanda da? Ez geratu isilik, mesedez. Inoiz ez.