Goiza. Kriston hotza. Gabon eta Urtezahar gauen arteko nebulosan gaude. Birziklatzeko edukiontziak, topera. Karrika lotan. Ignacio Aldecoara noa, zer hartu bueltaka. Agian Martin Hache. Atzo ekarri nuen gogora, eta ez daukat etxean. Askotan pentsatu dut liburutegia nire bigarrena dela. Behintzat alokairurik gabeko gordeleku bat. "Hay que follarse a las mentes", zioen Eusebio Poncelak pelikulan, Adolfo Aristarainaren esanetara. Burmuin asko daude Kultur Etxeko aleetan. Isilik. Lanean.
Gezurra da, Dylan jauna. Garaiak ez dira aldatzen ari. Beti bezala, egun estreinaldikoa nahi dugu. Modan dagoena. "Ikusi al duzu Bajo Ulloaren azkena?". "Irakurrita daukazu Kattalin Minerren Turista klasea?". Niri ere gertatzen zait, eta Zuloara noa. Ezkerrean utzi berri dut. Ziur aski, ireki baino lehen, desinfekzio eta aireztatze lanetan egongo dira. Beste bigarren bizitoki bat. Azalen artean paseatu, altxorrak hautatu, etxera goxo-goxo bueltatu... Edo Txintxurekin pixkat hitz egitea izango da plazer nagusia?
Nolanahi ere, diruzorroa beti dar-dar eta ni aseezin, helmuga gehienetan Florida da. Edo gizarte-etxeetako liburutegiak. Denbora gelditzen da, nolabait, sartu eta berehala. Nobedadeek ez dute bultzatu duela hiru hilabete ailegatu zena. Kontua da lekua. Eta orain nobedade gehiegi daukagula eskura. Hobe esanda, lehen askoz gutxiago geneukan. Liturgia berriek azpimarratzen dute afera. Pelikulen zerrenda amaigabeak plataformetan; musika errotazioan; liburu elektronikoak, milaka eleberriz haurdun...
Tom Waitsi egindako elkarrizketa gogoratzen ari naiz.
Goiza. Tenperatura, ez dakit. Unibertsitatean nago, denborarik gabeko lau urtetako linbo goxo hartan. Leioako liburutegian, lan baterako informazioaren bila.
Musika-aldizkariak, gertuegi.
Disko berriak erosi eta gero, dio Tomek, lorategira doa. Pala hartu, musika lurperatu, eta, bizpahiru urte pasa eta gero, estreinaldiaren zaratatik kanpo, entzuten ditu.
Zur eta lur geratu nintzen. Munduaren kontra beti, Tom Waits. Tom… Zain.
Hobe da kultura zabaltzen den unean bertan xurgatzea? Edo pausatuta?
Boutade bat besterik ez zen Tomena?
Gabonetako saudade-ak jota egongo ote naiz?
Ignacio Aldecoa itxita. Atarian, interneten jarri ez duten egutegiari argazkia egin diot. Ez dut konfiantzarik nire memoriarengan. Zuloa ere itxita egongo da oraindik... Zer egin 2020ko azken asteko goiz buruzuri eta hotz batean? Etxera bueltatu agian. Artikulu bat idatzi ALEArako. Edo karpeta hura bilatu, ea elkarrizketa lurpetik atera dezakedan. Fotokopiatu nuen, duela hogei urte, eta oraintxe bertan ez nago ziur Tomek zehatz-mehatz hura esan zuenik. Agian, denbora ongarri, une haren sosegutik urrun, asmazioa elikatu dut. Oroitzapenekin, egutegiekin bezala, beti nabil duda-modan. Ziur dagoena da Martin Hache berrikusteko nahiak itxaron behar izango duela.
Burmuinek datorren urtean larrua joko dute.