Garaipenaren ikurraz jabetu zen Nike marka, jainkosaren hegalak lerro kurbatu bihurtuz. Geroago, deslokalizazioaren bidez, lan-eskubideak kiroltasun handiz saihestu zituen. Gaur egunetik gertuago, arkua lapurtu diete amazona gudariei, kutxetan biderkatzen den logo irribarretsu hori egiteko. Greziako mitologiaren egile eskubideak, Woody Allenen filmetako jazzaren moduan, preskribatu omen dira.
Aurreztutako diru horrekin, gehi zergetan ordaintzen ez duenarekin, kanpaina izugarria egiten ari da guztien ahotan dabilen enpresatzarra. Gutxienez sei iragarki topatu ditut aldi berean telebistan, batzuetan bata bestearen atzetik. Prezioa azpimarratzen dute spotek. Eta langileen poztasuna. Eta aurre-erosketa.
Zein hunkigarria den biltegian egin dutena. Makina bat behargin, lanaren koreografia, eta horietako baten ahotsa, off-ean, markak enpresa barruan eman dion promozionatzeko aukera goraipatuz. Dena hamar segundotan. Sorry, we miss you pelikulan Ken Loach ordu eta erdi luzatu zen. Lan baldintza zentzugabeak, antsietatea, milimetratutako esklabotasuna…
Agian filma on line eros daiteke, ez dakit.
Baina aitortu behar dut erosketa bat egin nuela plataforma honen bidez, aspaldi. Argazkilari baten liburua zen, oparitzeko. Dirudienez, ez zegoen hura lortzeko beste irtenbiderik, eta, ordenagailuaren bidez erositakoarekin daukadan mesfidantza gaindituz, eskatu egin nuen.
Hogeita hamar urtez, Vivian Maier kalez kale ibili zen. Kanpotik barrura, iruditik sentimendura, haren ehun mila argazkik testigantza izugarria osatu zuten. Nire kamerarik gabeko koadroan Vivian amazona da. Nahiz eta dirudienez bakartia, lotsatia edo harremanetarako ia traumatizatua izan, bere buruarekin behin eta berriz borroka egin eta kalera ateratzeko ahalegina egiten zuen haren emozioak harrapatzeko, edo besteenak bereganatzeko.
Egun, gero eta gehiago, emozioak aurretik salduak kontsumitzen ditugu. Iragarkiek produktuen zein enpresen ertzak garbitzen dituzte gure atarian zintzo, aseptikoki utzi arte. Larunbatetan paseoan egiten genituen aurkikuntzak orain pantailan dira. Probagelarik ez, ustekabeko elkartzerik ez, hitzik ez. Harremanik gabe, mugitu barik, Nikeren garaileak gara. Amazonak ere bai, bihotzeko titia praktikoki moztua gure bainugelan selfiak hobeto pilatu eta kalean ikusi ez ditugun lagunei bidaltzeko. Vivianek selfiak dendetako kristalak aprobetxatuz egiten zituen. Karrikan beti, begiraden eraginpean jarrita, aurrez aurre, urduri agian, bizitzen saiatuz. Gero eta erakusleiho gutxiago daude orain, maiz itsu, "salgai" kartelez inguratuta. Ekintzaileek aldez aurretik erosiko dituzte afixa horiek, badaezpada? Agian plataforma baten bidez enkargatzen dituzte, merkeago.