McGuffin-a

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2020ko uzt. 6a, 08:55

'Rear window'

"Beldur ikusezinak lortu du emozio guztiak martxan jartzea, hankaz gora"

Bakoitzak azken hilabeteetako istorio bat dauka kontatzeko. Egoak jota, hemen nirea. Urtarrilean, belauneko ebakuntza egin zidaten. Ospitalean fisioterapia hasi eta zerbitzua berehala itxi zuten konfinamenduagatik. Ariketak nire kabuz egin behar nituen etxean, eta gaitzerdi. Martxoan operatutako lagun batzuk berriro bueltatuko dira kirofanora.

Kultura salbazio-taula bat izan da errehabilitazio bakarti honetan. Zaharrak berri niretzat. Errealitatean surflari kaxkarra sentitzen naiz askotan, baina fikzioan beti salbu. Dirudienez, guztioi gertatu zaigu. Kultura-gozamenak pandemia-zoramena orekatu du, eta, ikusentzunezkoen kasuan, Rear window (Leihotik, begiluze) izan da kutunenetako bat. Ez dugu imajinaziorik, edo identifikazio beharra dago, batek daki. Nola edo hala, Hitchcock apustu fidagarria da beti.

Baimendutako paseo bat ematen ari nintzela, Long John Silverren moduan, herrenka, McGuffin-a etorri zitzaidan burura. Badakizu, zinemagintzan suspensea sortzeko aitzakia da. Hitchcock berak sortu zuen kontzeptua, Truffautekin batera egin zuen elkarrizketa-liburuan. Bonba bat mahai azpian izan zen eredua. Adibide garaikideagoa: Pulp fiction filmaren maleta. McGuffin-a ez da garrantzitsua. Haren balioa da pertsonaien emozioak sortzea.

Koronabirusa McGuffin-a al da? Beldur ikusezinak lortu du emozio guztiak aldi berean martxan jartzea, gu hankaz gora jartzea. Gizarte-maskarak erori dira, fisikoak nola jantzi ikasten ari ginen bitartean. Baina McGuffin-ak zaharrak dira. Gerrak, gosea, ustelkeria… laburbilduz: eskubide eza, milaka aldiz ikusitako filma. Orain, aldiz, pertsonaiak benetakoegiak dira. Geu gara. Eskubideak kolokan izan ditugu betidanik gure inguruan, baina ez ikusiarena egitea erraza zen. Baina, bat-batean, beldurra azalean, noraezean gaude, heroien bila burua galduta. Argi dago ez dugula zineaz ikasi. Filmetan ikusleok gara protagonistak. Hori da kultura adierazpen arrakasta nagusia: laugarren horma apurtzea, gu lehen lerroan kokatzea, mugarik gabe. Orain distantzia fisiko berria barneratzen ari gara. Eta soziala? Elkar saihesteari edo gerturatzeari ekingo diogu? Zenbat metrotara kokatuko gara normalitate zaharberrituan? Eskubideak besteen fikzioa edo behingoz denon errealitatea izango dira?

Azkenen artean egongo naiz egoki ibiltzeko orduan. Long John Silver sentitzen naiz oraindik altxorrik gabeko irla honetan. Herrenka noa, baina pozik-edo, artikuluaren McGuffin-a naizelako. Nire belauna izan da, hobe esanda, aitzakia. Sormenak bezala, aurrera eramaten nau, poliki, kultura iraupen-lasterketa delako, helmugarik gabe.

Horregatik egunero gozatzen jarraituko dut, fikzioa eta errealitatea josten. Poliki eta txarto. Baina azkar eta ondo, badakizu, Hitchcocken txoriak hegan… Ez egin tiro. McGuffin-a baino ez dira. Agian gu geu gara, emozioz liluratuta, munduan berriro nola pausatu behar erabakitzen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago