Diotenez, Charles Chaplin eta Buster Keatonen artean lehia adiskidetsua zegoen, ea nor zen filmak azpititulu gutxiagorekin egiteko gai.
Literatura: esateko zailak diren gauzak hitz zehatzekin kontatzea.
Joan berria da uda, irakurketaren urtaroa itxuraz. "Zer liburu hartuko dut oporrak pasatzeko?". Bitxia egin zait beti. Liburu bat oporretan irakurtzeko. Bidaiatzeko aukera izatekotan nik ere liburuak sartzen ditut poltsan, baina normalean gutxi irakurri. Aurrean daukadanak istorioak asmatzen ditu etengabe, edo plazerra aurkitzen dut kontaerak neure buruari, denbora lagun, kili-kili ateratzen.
Kurtsoan zehar gehiago irakurtzen dut. Lanaren egunerokoak eta gainerako tirabirak epeldu edo orekatzeko, historiari beste kolore batzuk emateko, alboan istorio paralelo bat izateko beharra daukat. Beharra da edo ihesbide hutsa? Ez nago oso ziur. Agian droga bat besterik ez da, eta konturatu –nahi– gabe mendekotasunak jota nago. Baina, egia esanda, sentitzen dut gorputzak irakurketa elikadura bezala jasotzen duela, berdin eleberri beltza edo entsegua, berdin klasikoak edo garaikideak. Orojalea da.
Agian horregatik askotan izarrei begira nago. Ez duzu inoiz pentsatu jeinu bat agertzekotan zure hiru desioak zeintzuk izango ziren? Nik beti izan dut buruan lehena. Berehala munduko hizkuntza guztiak jakin. Imajinatu. Edonorekin, edonon, edonoiz hitz egiteko gaitasuna izan, eta hizketa guzti-guztiak ulertu… Bai, bai, gero jeinua aurrez-aurre, dardarka lanpara eskuetan, ziur aski lehenengoz dirua edo desio amaigabeak –trikimailu zaharra– eskatuko nituzke. Ez epaitu, zoaz pikutara!
Kontua da oporraldiez gain, esperantoak porrot eginda eta jeinuak ametsetan baino ez, literatura dela niretzat mundua sakon gozatzeko tresnarik zintzoena. Itzulpenen bidez, herri guztietako historia zein istorioak eskura dauzkagu. Duela gutxi, adibidez, Chimamanda Ngozi Adichieri esker Nigerian, Estatu Batuetan eta Ingalaterran ibili naiz, Americanah eleberria gida hartuta. Aspaldi liburu potolo bat irakurri gabe, seiehun orrialde, eta guztiz merezi du. Behar zuen neurria hori zen, kontatu nahi zuena kontatzeko erabili behar zituen hitz kopuru zehatza.
Bai, hitzez, mezuz eta post-ez blai bizi gara, ideiez beteta, burua lehertzeko zorian, arazoz eta betebeharrez inguratuta. Nahaste-borraste horretan irakurtzeak ahalegin handia eskatzen duela onartzen dut. Baita bizitza, bizi izatea besterik ez, libururik gabe, oso polita izan daitekeela ere. Agian gaixotasuna aitortu nahi ez duen yonki bat besterik ez naiz, baina behar dut, gustatzen zait liburu baten azpititulu zehatzak nire azpian –alboan– izatea, niretzat istorioak gure historia hobeto ulertzeko bideak direlako. Edo akaso, liburu bat beti poltsan, oporretan bizitzeko sentsazioa besterik ez dut nahi?
Ah, zera, Charlotek irabazi zuen.