Dena aldatu da, ezer ez aldatzeko. Pasa den hauteskundeetan, berriro ere, kulturarik ez diskurtsoetan.
Enplegua, ekonomia, "hiria"… Lehentasunen mantra ulertu dezaket, baina, aldi berean, haserretzen nau. Lau urte hauetan, beti bezala, lan-estatistikak pixkanaka gora eta behera joango dira, egutegiaren arabera. Prekaritatea gero eta auzokide finkoagoa izango da. Gasteizen, munduan bezala, pribatizazio isilean jarraituko dugu.
Kulturak gauzak aldatu ditzake, esnatzen gaituelako. Emoziotik ideiara eramaten gaituelako. Arazoak konpontzeko giltzak ematen dizkigulako. Baina gaurkotasunaren amildegian bizi gara.
Gazte batek mundu osoko eleberriak eta entseguak irakurtzeko ohitura hartzen badu –idaztea ere ez da ohitura txarra–, ez ditu bere eskubideak hobeto babestuko? Artea sortzeko edo gozatzeko nahia garatzen badu, ez du argiago izango bizitza kontsumitzea baino gehiago dela? Musika entzuten edo jotzen badu, ez die sentimenduei hobeto helduko? Arte eszenikoetan edota zineman murgiltzen bada, ez ditu barneko ezinegonak zabalago aztertuko? Historia eta etorkizuna, justizia eta ingurumena, nahiak eta frustrazioak… dena milioika artelanetan, eskuragai… "Gazte bat" jarri dudan lekuan, jarri txikia edo heldua. Gupidatsuagoak, indartsuagoak, osoagoak, askeagoak gara kultura bidelagun.
Hala ere, diruarekin lotutakoa da beti gakoa. Diru-laguntzak "ekintzaile"-entzat, dirua lapurtzen/uzten diguten etorkinak/turistak, enpresarien zenbakien dantza… Bozkatu eta gero, lan gatazkak leku berean. Familien arazoak, konpondu gabe. Dirua, betiko poltsikoetan. Euroa iparrorratz bakarra, oposizioak metatzeko hegazkinak alokatzen ditugu, Everest suntsitu dezakegu argazki batengatik, emakume baten bideo pribatua elkarbanatzen dugu jatorrenak izateko. Horiek dira gure istorioak. Kulturak sentsibilitatea sortzen duelako. Eta sentsibilitatea ahultasuna da gaur egun. Wall Street-eko brokerrak gara. Arrakastatsuak, gogorrak, lehiakorrak. Zu, eta gero berriro zu. Hezkuntzari buruz ari naizela? Ikasketak utzi eta gero, oraindik ikasleak gara, bai. Baina Pisa informearen oihartzunean itota, etengabeko ikasleok mailak, probak eta lehiaketak baino ez ditugu ikusten. Hobe sentimenduak ezabatzea, badaezpada, galtzaile ez sentitzeko.
Ez da panazea. Kultura txarra ere badago. Baita kultura-eza daukaten kultur eragileak ere. Baina, kultura ia dastatu gabe, guk kultura-aukera izateko jo ta ke borrokatu zuten horiek… alferrik egin zuten?
Ez dakit "dena" noizbait aldatuko den. Baina sosak helburu bakarra badira, ziur nago ezetz. Etorri eta joaten direlako. Behintzat kultura, iritsi eta gero, barnean geratzen da, betirako. Orduan, agian inbertsiorik onena da, ezta? Beno, br…oker ez banaiz.