Kontraesanak

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2018ko aza. 11a, 09:00

Liburu-trukea. / Karkara

"Negua etortzear dago eta txiroez beteta daude Gasteizko kaleak... Non egiten dute lo? Kutxazainetan".

Kontraesanetan hasten dira pentsamenduak. Azken aldi honetan batzuk agertu zaizkit, eta zintzo metatu ditut. Negua etortzear dago eta txiroez beteta daude Gasteizko kaleak… Non egiten dute lo? Diru-iturrien ondoan, kutxazainetan. Euskara gero eta gehiago entzuten da, nabarmena da Gasteizen. Kaleetan, hau bezalako hedabideetan, seme-alaben izenetan… Julian Retegi pilotaria euskaraz ari da; Julen izena duen Julianen semea, aldiz, erdaraz. Sabela bete eta giroa sortu dute betidanik pintxoek, solasaldiz solasaldi, tabernaz taberna… Donostian zigilu bat jarri nahi diete haien ustez kalitatezko pintxoak egiten dituzten tabernei. Plazer txikiaren hierarkia. Pintxoen Institutua ere ireki nahi dutela entzun nuen… Hitzik ez.

Duela hiru aste Gasteizko liburuen truke-azokara joan nintzen. Egutegian data berezia da niretzat. Liburuak eraman, liburuak ekarri. Alez betetako mahaiak begiekin dastatu biktimak (eleberri beltza), emozioak (drama) edo ideiak (entsegua) aurkitu arte. Asteburu polita da irakurtzea maite dugunontzat, baita beharrezkoa ere gure diruzorroari begira. Liburutegietan nahaste-borraste izugarria izango delakoan nago, baina nik udaberrian errepikatuko nuke. Hor nire proposamena. Hain behartuta dagoen gure kulturgintzak hauek bezalako ekintzak behar ditu irakurketa bultzatzeko.

Harira joango naiz. Kontrazalaren sinopsira. Truke-azokako sarreran bertan publizitatea banatzen zuten.

Liburuak erosi eta saltzen dituen enpresa baten publizitatea hain zuzen. Legaltasunaren kontuan -nahiz eta irudia ez gustatu- ez naiz sartuko. Kontraesana nahiago dut, zeren eta bi gauzarako balio du azokak. Liburu berriak mesanotxean izateko. Eta nahi ez dugunak gainetik kentzeko.

Askotan entzun dut. "Liburu pilo bat dauzkat ganbaran, ez dakit non sartu". Zertarako erabiltzen dugu azoka orduan? Gure liburuei bigarren bizitza emateko edo behingoz desagerrarazteko? Berpizteko edo kondenatzeko? Berriro ere liburuaren lehen orria da? Edo azkena? Alea beste aukera. Zenbat liburu, hainbat aburu esango nuke, oso originala ez izanda. Nire partez, azoka amaitu eta gero, uzta hasi da berriro. Zaramagako jaietan ere trukea egiten dute. Gero eta leku gehiagotan, eta ni ideiak, emozioak eta biktimak bilatzen ari naiz hurrengorako.

Epilogoa merezi du liburuarekin lotutako hau bezalako artikulu batek: sekretu bat kontatuko dizuet. Duela ia hamar urte erdarazko ipuin-bilduma bat argitaratu nuen. Eta, halako truke batean, liburu horren ale bat zegoen. Zer sentitu nuen? Bada, poza, bizitza berri bat hasteko zorian omen zegoen eta. Eta baita tristura ere, inork nik idatzitakoa gainetik kentzeko beharra sentitu zuen eta. Horrelakoa da bizitza. Hamaika ikusteko… 

Kontraesan Institutua ireki beharko lukete. Baina pintxoarena, hitzez hitz, jan beharko dugu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago