Distopia guztietan agertzen da, baina komiki batetik ekarri nuen gogora, Frank Miller eta Dave Gibbonsek sortutako Give me liberty-tik. Areriorik gogorrena. Harroputzik handiena.
Trump Etxe Zurian ikusi nuenean, komiki haren gaizto prototipikoa etorri zitzaidan burura. AEBetako aurreko agintariekin ez dago ezberditasun handirik. Kontua da inolako maskararik gabe doala –doazela, mundu osoan– dagoeneko. Berdin zaie, egoak jota. Maltzurrek ez dute mozorrorik behar, kapitalismoaren mamuaren beldur ez garelako. Irudietatik zainetara hainbeste aldiz joan zaigunez, autoinmuneak gara. Geneetan dugu horrelakoa dela.
Mundua Halloween festa besterik ez da, eta bueltarik ez dagoelakoan gaude. Evaristok dioen bezala, hori da kapitalismoaren arrakastarik handiena. Irtenbiderik ez dagoela sentitzea. Maskarak kenduta ere, distopia onartu dugu.
Kultura ere baztertu dugu. Egun musika entzutea, filmak ikustea, artea esperimentatzea, liburuak irakurtzea… ez da kulturaren sinonimoa.
Antzina elitearentzat baino ez zen kultura, jauregietan dastatzen den plazer pribatua. Pixkanaka konkistatu genuen… berriro ere elitearen eskuetan uzteko, haiek gu kontrolatzeko. Musika telebista-saioetan jaiotzen da, partituratik lehiaketa bilakatuta. Filmak nahiera dauzkagu, mezu berdinen artean erabakitzeko. Artea, dirulaguntzen filtroan diskurtsoa epeldu ondoren, araututa ailegatzen zaigu. Literatura… udako best-sellerra baino ez, mesedez.
"Ez daukat denborarik”. Garai honetako mantra.
Errazago nahi dugu dena orain. Hor dago koxka. Horri esker, inbasioa ebasioaren bidez lortu dute. Nahiera, ustezko erabakitzeko eskubide moduan, epeldua, oporretan... Resort bateko eskumuturrez zeharkatzen den makrofestibala. Ustekabe asegarriz betetako telesaioa. Merkatalguneetan sinadurak metatzeko jaioa den eleberrien trilogia. Etekin azkarrak atera nahi dituzten turistak gara hiriak zein kulturak kontsumitzeko orduan. Produktuen produktuak.
Denbora dela, dirua dela, estresa dela, kapitalismoaren taktika dela, kulturak gure aterpea izateari utzi dio. Aisialdia baino ez da egunero behar dugun elikagaia, gure kabuz hausnartzeko balio duen tranpolina. Eliteak kulturaren amua askatu zuen tarte txiki batez gure burmuinak isilpean harrapatzen joateko. Kultura happy meal bihurtzeko. Eta sasikultura denez, sasi artean bilatu behar dugu.
Altxorrak lurpean ezkutatzen dira eta.
Kurtso honetan denbora atera, "erosotasun" horretatik atera, nagiak atera eta musika-talde ezezagunak probatu, katalogotik kanpoko filmak berpiztu, artearen ispiluan egiaren isla bilatu, pentsarazi eta sentiarazteko gai diren liburuak ireki. Zailagoa da? Nekagarriagoa? Hori pentsa dezagun nahi dute. Distopiaren biribiltasuna ondo ikasia dugula pentsatzen dute. Amore eman dugula. Horregatik maskara kendu dute sasikumeek.
Horregatik geuk ere benda kendu behar dugu estalitako begietatik.