(Euri tantak)
Kaldearte jaialdia. Belgikako talde baten ikuskizuna Floridan. Lau piano, bata bestearen gainean. Bat-batean, euria. Nahastea. Jendea hara-hona. Bertan behera uzteko mehatxua airean. Baina ikusle gehienok eutsi genion. Eta artistek ere lasai egoteko mezua luzatu ziguten, haien pertsonaien barruan beti, istorioa moztu gabe inprobisatuz.
Euria atertu, ikuskizuna bukatu eta, orduan, txaloz egindakoa izan zen zaparrada…
(Atertzea)
Hausnartu. Imajinatu. Sortu eta jorratu. Tentu handiz, antolatu eta zabaltzeko prestatu. Azkenik, antzeztu.Ordu bateko emanaldia, eman dezagun. Egunero euriaren arabera. Egunero publikoak emango duen erantzunaren menpe.
Kale-ikuskizun bat bezalakoa da edozein sormen.
Hilabeteak jan –bederatzi baino gehiago– eta taupada batean erditzen den dorre bat…
(Eguzkia)
Sortuz ta sortuz goaz aurrera, eta niri oraintxe bertan –kultura hedabideetatik ikusi eta gero– tokatu zait hasi ez nituen bi kultur-urteurrenen barruan lanean aritzea.
Berrogei urte betetzen dira Eszena-Arte Tailerrean, aktoreak eta oholtza jolasa eta hezkuntzaren bidez uztartuz.
Zilarrezko ezkontzak dira Araian, umorea eta antzerkia buru belarri kilikatu dituenak.
Hauek bezalako –asko eta asko dauzkagu zorionez Araban; Kaldearte beste eredu bat da– proiektuak izatea ospatu behar dugu egunero.
Zaila da sormenaren atzean ezkutatzen den lan mordoa ulertaraztea. Ordu batean dastatzen dena ordu amaigabeetan sortua dela azaltzea. Aho bete hortz uzten gaituenak aho pilo bat elikatzen dituela. Zaila da euriaren mehatxuarekin bizitzea.
Horretarako daude instituzioak, eman genien botoaren bidez merezi dugun kultura bideratzeko. Atzean egin behar den lana aztertzeko. Bertako sortzaileak laguntzeko. Beste jatorri batzuen benetako kultur sortzaileak ekartzea posible izateko. Sormena euriaz babesteko.
Dena dela, euripean ikuskizuna eten egiten ez duten artistak behar ditugu. Gero geure lana betetzeko. Bai. Guk ere lana daukagu eta. Gozatzeko lana, publiko izanez.
Eta… benetako gizaterkia gara?
(Hodeiak)
Euria gustatzen zait. Ez da azido sulfurikoa, lasai egon! Hori gutxi ez balitz, benetako aterkiak –Zeledonen herrian, sakrilegioa!– gorrotatzen ditut. Gene Kelly-ren eragina izango ote da?
Hori dela eta, ez zitzaidan gehiegi kostatu Floridan euria jasatea, baina dorre magiko baten errua izan zen.
Haren oroitzapenean murgiltzen ari naiz berriro, idazten dudan bitartean.Badakit une hori nirekin egongo dela betirako.
Agian hori besterik ez nuen esan nahi beti bezala korapilatsua den artikulu honetan.
Hori besterik ez dela.
Une magikoak pilatzea. A zer plazerra publikoarena! Hori lana hori gurea!
Zure lau piano aurkitu ditzazun udan.
Bueltan kontatu… kultura ahoz ahoko melodia da eta.
(Euri tantak)