Zen&Zura

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2018ko eka. 11a, 09:37

Leo Bassi/ ACN

"Bi ahoko ezpata da zentsura. Lagunak zigortzen dituen bitartean, besteak isilarazten ditu".

Ez naiz inoiz La Pollaren fan sutsua izan. Baina, gure belaunaldiko ia guztiok bezala, tabernetan abestu dut eta estrofa batzuek pentsarazi egin didate, batez ere apaizek –Salve Regina– gidatutako ikastetxe batean ikasi nuela kontuan hartuta. Musika-reality zein kirol saioen solaskideen artean "jarrera" kontzeptua erabiltzen da. Ba, hor dago punka. Hor Evaristo. Haragi-hezurrezko jarrera.

Saio horietan ez dute inoiz eredutzat hartuko.

Ikurrak ukitzen dizkigutenean izaera esnatzen zaigu. "Nahikoa da, hemen jarriko dut muga". Baina guzti-guztiak ikurrak gara. Aspaldikoa muga hori.

Agian bat-batean zentsura letra larriz bueltatu dela iruditzen zaigu azkenaldi honetan mugarri "mediatikoak" pilatu direlako. Valtonyc dela, Fariña dela, Arco-ren erakusketa dela… Mozal legearen eragina da zabalena, nahiz eta haren oihartzuna oso handia ez izan, ironikoki zentsuratua hedabide nagusietan.

Dena dela, Erpurutxo bezala ogi apurrak jarraitzekotan, bidea amaigabea dela ikusiko genuke. Sorgin gurpila, behin eta berriz. Sorginak, hain zuzen, muturreko zentsura pairatzen aitzindariak.

Antzerkigintzari dagokionez, gauzak ez dira ezberdinak. Gure azken orduko gogoan oraindik titiriteroena dugu. Baina atzerago joan zen nire pentsamendua pasa den astean. 2006ra, Madrilera. La revelación ikuskizuna antzezten zuen Leo Bassik Alfil antzokian. Eta, gau batean, hori dela eta, hilzorian egon zen. Ultraeskuindar batek bonba bat jarri zion antzezpenean bertan eztanda egiteko prest. Antzokiko zaindari bat metxa itzaltzeko garaiz ailegatu zen.

Bi ahoko ezpata da zentsura. Alde batetik, lagunak espetxeratu, erbesteratu edo hainbat modutan zigortzen dituen bitartean, konturatu gabe gainerakoak isilarazten saiatzen da. Haiek pairatu, guk barneratu.

Beste aldetik, "susmografo" ezinhobea da. Zenbat eta zentsura gehiago, orduan eta kezka handiagoa zentsoreen artean sortzen ari dena. Mugaren bestaldetik aztertzen gaituzte, baina, harresia ikusezina denez, guk ere primeran ikusten ditugu.

Harroputz bezain dar-dar.

Beldurra eragiteak beldurra eragiten du?

Beldur izan zen Leo Bassi garai hartan. Bizkartzaina ere kontratatu zuen. Viva Cristo Rey graffittiz inguratuta zegoen antzokia. Etengabekoak izan ziren mehatxuak. Egun, hilketa saiakera argitzeke dago oraindik. Bufoi italiarrak jarraitzen du haren kritika zabaltzen mundu guztian zehar. Zentsura sendatzeko (nahiz eta hura zentsura baino gehiago izan), onena oholtzara bueltatzea. Beldurrari zuzen begira, jarrera sendotzea. Arima eta akzioa. Sormena eta egurra…

 

Zen&Zura

noren beldurrak

irabaziko duen

Bi ahoko ezpata

han eta

–beti Evaristoren moduan–

amen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago