Artifi(k)zioa

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2018ko mai. 14a, 16:17

Remedios Zafra. /Diario de Cordoba

"Zenbakiak eta maila pilatu. 'Like' zerrenda dastatu, frustrazioa ezkutatu bitartean".

Lan-prekarietate honetan, ogibide ugari eta zatituen artean mugitzea tokatu zaigu. Aurten, nire zerrendaren barruan, eleberri beltzari buruzko irakurle-kluba gidatzen ari naiz. Esperientzia interesgarria da, baina taldekideok konturatu gara generoak aldatzen joatea komenigarria dela. Detektibez detektibe jo ta ke joatea zorabiagarria da.

Noizean behin entseguren bat irakurtzen dut. Nahiz eta ikastetxean –azterketak, azterketak…– filosofiarekiko sentsazio gazi-goxoa geratu, burua astintzea gustatzen zait. Pentsamenduen artean nireak aurkitzen saiatzea.

Hori da azterketa bakarra.

Remedios Zafrak idatzitako El entusiasmo (Anagrama) irakurri dut. Egungo poztasun artifiziala aztertu du Cordobako pentsalariak, hezkuntza eta sormen arloan esplotazioa nola onartzen dugun."Txarto ordaindutako enkargu hori egin, komeni zaizu". "Pentsamendua leundu aldizkari espezializatu horretan argitaratzeko, curriculumerako primerakoa da eta". "Ilusiokideekin borrokatu dirulaguntza hori lortzeko; onena zara!". Zenbakiak eta maila pilatu. "Like" zerrenda dastatu, frustrazioa ezkutatzen duzun bitartean. 

Sena desagertzen den bitartean.

Zafrarena amaitu eta gero, lagun batek beste filosofo bat erakutsi zidan. Byung-Chul Han du izena eta haren La sociedad del cansancio (Herder) hasi nintzen irakurtzen. Ildo berean doa korearra, baina "gogo" ordez, "baikortasun" artifiziala hartzen zuen abiapuntu.

Abiadura handiko mundu honetan, berehala erantzuten diogu guztiari. Hiperaktibitate baikor hori pasiboa dela dio Hanek. Erantzun mekaniko horiek, kontenplaziorik gabe, bidea ixten dutela. Erosoagoa da agian. Eranginkorragoa, zenbaki eta erantzun azkarren munduan. Ala ez dugu errealitatea benetan begiratu nahi, begiradaren jabeak izan? Poz iragankorrak pilatzen ditugu. Haserre txikiak, gauzak aldatzera behartuko gintuen amorru finkoa emeki sortu ordez.

Dena emateko prest egon behar dugu ziztu bizian, zalantzan ezer jarri gabe eta agindu baten truke. Lortzen ez badugu, gu izango gara errudunak. Amu ederra. Ardura botatzen digute. Galera gure gogo zein baikortasun ezaren emaitza izango da.

Zaila da lerro batzuetan bi pentsalarien arrazoibidea laburtzea. Nitaz guztiz ez fidatu. Hobe liburuak hartzea eta zeuen pentsamendua askatzea…

Bai, filosofia ez da erraza. Baina aberastu egiten gaitu. Edo onena ezer ez pentsatzea da? Ezer ez aldatzea eta prestatu diguten hausnarketarik gabeko artifi(k)zioa babestea?

Erraz etortzen dena erraz joaten da.

Beste batzuen pentsaera onartuko edo guk geuk eraikiko dugu? Zein da –onartzen– zailena? 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago