Nazioarteko Antzerki Jaialdia, Txotxongiloak Araban, AuzoEszena, Antzerkia eskolara heltzen da, Kaldearte, Zurrunbilo, Araia-Asparreneko Umore Antzerkiaren Jaialdia, Danzalava, Festikale, Dulantziko Antzerki Amateur Jaialdia, Intacto, Arabako Herrientzako Antzerki Jaialdia, Gabonetako Antzerki Jaialdia, 150 gr. Jaialdia, Zirko Eguna, Kurtso amaierak Eszena-Arte Tailerrean, Jardunaldi Monstrenkoak…
Aukera ugari dauzkagu urtez urte, urtero, oholtzarekin hitzordua izateko. Elebidunak legez, aberatsak gara Arabako antzerkigintzarekin, agendaren zein bertako ekoizpenen kopuruan. Esperientzia moduan, zer esan. Osagarri guztiak metatzeko gauza dira arte eszenikoak. Antzezpena, literatura, dantza, arte-ederrak, argiak, jantziak… Irudipena da muga bakarra.
Horrez gain, zuzenekoen magia. Kale-ikuskizun moduan aurkitzen ditugu batzuetan, eguneroko bideak istorioez mozorrotuz. Saltokietan edo tabernetan ere, azken boladan, aurrez aurre. Edo, esan gabe doa, antzokietan. Sarrera erosi, ilara egin, lekua bilatu. Eskuko programa, besaulkien arteko agurrak, txirrina… Iluntasuna, gorputzak eta ahotsak, mugimenduak eta testuak… Bat-batean, beste mundu bat.
Duela gutxi, martxoaren 27an, beste mundu horretako biztanleek Antzerkiaren Eguna ospatu zuten, eta, berehala, apirilaren 29an, Dantzarena izango da. Artikuluaren hasieran ikusi duzuenez, zerrendazalea izaten jarraitzen dut. Baina, inola ere ez, datazalea. Zergatik ezagutzen ditut, orduan? Antzerkigintzak armiarmarena egin didalako. Haren sarean bizi naiz.
Egunkarietan hasi zen, hari lerroak dedikatuz. Gero irratsaio batean, elkarrizketaz elkarrizketa. Eta, orain, konpainia baten barruan. Oraindik komunikazio arloan, baina batek daki… erritmo honetan "anderlipusukzioa" egingo didate! Pozik nago. Emeki-emeki izan da, tauletan teloia igo edo besaulkietan isiltasuna zabaltzen den bezala. Eta emeki-emeki ere konturatu naiz atzean egindako lanez.
Antzezpena, narrazioa, dantza, musika, ikus-entzunezkoak, arte-ederrak, argiak, jantziak… Imajinatu kontu horiek guztiak garatzea. Horrez gain, administrazioa. Zenbakiak, kontratuak, bidaiak, hotelak, publizitatea… Eta "atseden" uneetan, agian, beste lan batzuk egitea proiektuak elikatzeko.
Eta beste kontu batez ohartu naiz Aste Santuan. Musikan diskoak dauzkagu. Filmeekin, etxean ikusteko aukera. Narrazioan, liburuak. Baina arte eszenikoek gehiago behar dute. Behar gaituzte. Zuzenean dira. Zu beraiekin zarenean. "Fidelen pasioa" behar dute. Horregatik dira bereziak. Parte-hartzaile sentiarazten gaituzte eta. Arrazoi ugari dira hurrengoa ozenki esateko:
Goazen antzerkira! Gora antzerkigintza