Zalantzak, kontraesanak, hausnarketak… Bizitzaren etengabeko borrokan murgilduta, bat-batean, betidanik gorroto zenuen esaldia aurkitzen duzu ahoan.
-Gure garaian…
Agian gazteen eguneroko kontuak ezagutzen dituzula uste duzu, nola edo hala, gazteekin lan egiten duzulako, familian neraberen bat duzulako. Baina benetan hala da? Zeri buruz hitz egiten dute? Nolakoak dira haien hartu-emanak kaña baten aurrean? Zalantzak, kontraesanak edo hausnarketak zeintzuk dira?
La edad de la ira, La Joven Compañiak egindako ikuskizuna, Gasteizen taularatu berri dute. Gazteak dira protagonista. Eta gaztez betetako harmailak izan dituzte biran. Komunikazio hori bultzatzeko, heldu batzuek, gazteen artean eta gazteekin bideak sortzeko asmoz, "mugetan" trenbideko zabalera egokitu dute. Ez zekiten, guk bezala, gazteek zer pentsatzen duten, eta oholtza erabili dute emozio horiek ikertzeko.
Ahoa irekitzen dugunean ez da posible aforismoak kateatzea. Ez gara Oscar Wilderen kumeak. Ordenarik gabeko frustrazioak agertzen dira. Ilusioak. Kexak. Obsesioak.
Eta batzuetan erlaxatzen gara. Geure buruarekiko borrokari eutsi ordez, etsai aproposa aurkitzen dugu koktel gazi-goxo hori aurpegira botatzeko. Nahiz eta gazteak izan ginen, argazki hura egungo begiekin berriro positibatzea erraza da.
Gaztetan (ia denok bezala, gaztea sentitzen naiz oraindik; eta, gaztea nintzenean, askotan zaharra), heldu batzuen eragina tinko finkatu zen nire kultura-gela ilunean. Gurasoek astero, baldintzarik gabe, filmak alokatzeko edo komikiak erosteko ematen zidaten dirua. Gogoratzen dut osabak gomendatutako liburuak. Bajo Ulloak emandako hitzaldi hura. Amak nire ipuinen bat eman eta gero, Atxagak gero bueltan eman zion ohartxoa. Oholtzara ailegatu ez ziren antzerki-klaseak, Txema Blascorekin.
Baina, batez ere, bihotzean geratu direnak harremanak dira. Kontua ez zen niri lekzioak ematea, baizik eta nire zalantzak, kontraesanak eta hausnarketak asmatzen laguntzea. Hori dela eta, orain ezin naiz traidorea izan. Amuarrainari ezin zaio igerian irakatsi. Gaizki inbertitutako zenbat diru eta denbora.
Bozgorailu memeloa ez izatea baino ez da. Hedabide gehienen gazteei buruzko estereotipoak ez errepikatzea. Gazteek entzuten, ikusten eta irakurtzen dutena entzun, ikusi eta irakurtzen saiatzea. Ahoa ireki ordez, belarriak zein begiak prest izatea. Berdin zenbat "G": "gurasoenak" (G), "gure garaiak" (2G), "gazteen gaurko garaiak" (3G)... Belaunaldi guztiak batera bizi gara.
Zalantza, kontraesan eta hausnarketa guztiak trenbide berean doaz.