Artikulua bidaltzeko epea egutegian kontsultatu nuen. Banuen nire buruari botatako gaia: bi libururen bidez egungo eleberri beltzari buruzko hausnarketa. Azken ordukoa naiz, baina, lanez gainezka, zazpi egunetan bi liburu irakurri eta artikulua idazteko gai izango nintzen?
Burugogorregia naiz.
Kasu honetan detektibe eta bezero izango nintzen batera. A ze parea, kazetari ta irakurlea!
Lehenengo liburua: El silencio de la ciudad blanca. Eva Garcia Saenz de Urturi. Ez dut gezurrik esango. Ez neukan gogorik. Best-seller hutsa zela sumatzen nuen, eta, hainbeste liburu munduan, denbora altxorra da. Bere alde, hala ere, zerbait ere sumatzen nuen…
Zalantza alde batera, ekin nion irakurtzeari.
Ez nuke eleberri beltzen apalategian jarriko. Folletin, gazte-eleberria… Ez dakit non kokatu, baina bai oso argi zer den; turismoaren menpe sortu den produktua. Gasteizko postalean itotzen den Gasteiz erretratatzen ez duen artefaktoa.
Lekuak? Wikipedian bezala azalduak. Prototipikoak. Doako iragarkiak. Emozioak? Hildako gertukoek eragindako tristura eta, bat-batean, denak pozik! Planifikazioa? Labirintoak ez dira onak luzeak izateagatik.
A ze metaketa! Betekada nuen. Eta, aldi berean, hutsa.
Hiru egun nituen aurretik.
Beste liburua "zailagoa" zen ni bezalako euskaldunberri batentzat. Arrutiren banda. Jon Arretxe. Euskaraz mantsoago irakurtzen dut.
Eleberri beltz hutsa da. Pertsonaien alde hazten dena. Postalaren bestaldea azaltzen duena. Genero beltzak ikertzen duen gizarte gordina, benetakoa. Emozio koherenteak. Paisaia guztiak. Labirinto txiki bezain perfektua. Istorioa Basaurin mugitzen da, eta ez alderantziz.
Irakurri eta idatzi. Artikulua erdi egina epea bukatu aurretik!
Barneko detektibea, kazetaria, pozik lerroak betez, zintzo eta garaiz. Barneko bezeroa, aldiz, irakurlea…
Arretxek generoan duen trebetasuna, Urturi eta best-seller prefabrikatuak. Hausnarketa: literatura ere kontsumo-eremu bihurtu da, liburuaren aurretik produktua jarriz. Aurreikusia zen… Ba, kasua itxi eta listo!
Baina hor zegoen zain: zalantza. Liburu entzutetsuen ustezko "irakurleak irabazteko" gaitasun hori.
Eragin onik izan dezake Urturiren irakurle kopuruak? Bidea ireki dezake irakurtzearen plazerra kutsatzeko?
Nire nahaste-borrastea ikusita, konplizeak hasi ziren xuxurlatzen. Chandler, Hadley Chase, Himes, Montalban, Togawa, Coben…
"Denbora altxorra da", zioten.
Beltzaren kontrako krimena justifikatzen ari nintzen.
Eta beste kontu bat diote orain, azken lerroan.
"Zergatik asmatzen dituzu honako gai arraroak? Kazetaria eta irakurlea izateaz gain, artikulu honetan zu zara errudun bakarra".