jpg.asteiz

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2018ko urt. 15a, 10:13

Gasteiz 2025 plan estrategikoa aurkezteko egindako agerraldia, Artiumen.

"19.000 poltsikoan, kulturan zenbat gauza egin ote daitezke".

Fakturak izango dira. Edo ordutegiak. Kontua da zenbakiak entzutean fobia txiki bat nagusitzen zaidala. Beti nahiago izan dut letren aterpea.

Loteriaren garaian gaudenez, halaber, zenbaki bat kantatuko dut: he-me-re-tzi-mi-laaaaa!!

Horiek izan ziren publizitate-ekitaldi batean alkateak gastatutako udal-euroak. 

Akordioak lortzeko porrota ikusita (PPk ez du "Agur Maroto" hura ahaztu), Urtaranek jendez inguratuta bota zuen amu berria, ke-gortina… Nahi duzuen metafora. Berak ez zuen irudi literariorik erabaki haren irudia (jpg.asteiz) berreraikitzeko. Ezetz asmatu? Beste zenbaki bat! Orain 2025 da. Blade runner sindromea! Ez kezkatu. 2025era begiratu. Etorkizunean ez dago akatsik. Oraindik.

Zenbakiak ikustean kakati, baina, beraiekin bakea egiteko, zerrendazale amorratua naiz. Nire hamar pelikularik kutunenak? Amen batean. Hamar liburu? (Li)buru-belarri esango dizkizuet.

Hori dela eta, eta publizitate-ekitaldia Artiumen izan zenez, pentsatu nuen 19.000 euro poltsikoan kultura arloan zenbat gauza egin daitezkeen. Eta zerrenda hezur-haragi, tinta-paper bihurtzen joan zen.

19.000 euro. Mila eta hamaika liburu, pelikula edo disko –tartean, Gasteizko sortzaileenak– gizarte-etxeetan banatzeko.

19.000 euro. Gasteizko galeriek saldutako sortzaileenak… jarri hogei artelan, udal-aretoetatarako.

19.000 euro. Mila bono zineman sarrera merkeagoa izateko. Eta diru gutxi dutenei emateko. Izan ere, 20 euro 30 bihurtu den gabonetako bono hori... diru mordoa dutenek hamar euro gehiago behar dituzte? Saltzaileak babestu behar ditugu, baita erosleak ere.

19.000 euro. Principalen hiru antzezlan polit kontratatu edo ekoizteko.

19.000 euro. Murrizketak jasan dituzten kolektiboei laguntza itzultzeko….

19.000 euro. Tanta bat baino ez udal aurrekontuan.

Tanta bat gehi bat gehi bat... 

Berdin EAJ, PP (orain salatuz, lehen Udalean gastatuz) edo PSE. Gobernatzeko ohitura dutenak gure zenbakiekin erraz jolasean. Zenbakiak baino ez garelako. Udal batek ekitaldi asko egin behar ditu, ospatzekoak barne, noski. Baina, etorkizunerako, mezu jakin horiek zabaltzeko letra nahikoa da. Prentsa-ohar bat. Folioak eta karpetak, jpg.asteiz gabe. Alderdiarenak.

19 euro nahikoa ziren. Nahikoa da dagoeneko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago