Gela iluna

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2015ko urr. 21a, 02:00

David Mangana

 

Ikus-entzunezko kultura honetan dena dago aurretik prestatuta. Hunkituko gaituen ‘beltz’ batek egindako hitzaldi hori. Zentzumenak harrapatzeko diseinatu duten iragarki hori. Argibideak gorde baina kalterik omen ez duen telesaio hori…Leloak zein irudiak primeran badakite gure barrukoak nahasten eta gu, sugeak bezala, kutxatik ateratzen gara, txirula aurrean dantza egiteko prest.

Hitzaldi ‘originalak’ ideia berri bat pentsarazi digulakoan, sofan gelditzen gara bat-batean gorrotatzen genuen joera horren alde erdi sinetsita. Iragarkia ikusita, konturatu gabe, marka adoptatzen dugu atzean dagoen nagusia nor den jakin nahi gabe. Telesaioak kutsadura atsegina txertatzen digu, kapituluz kapitulu, dosiz dosi, prefabrikatutako malkoz malko…“Leloa  eta irudia onak badira, gainerakoa haien isla izango da”, diogu geure buruari, inkontziente, kutxara behin eta berriz bueltatzen garen bitartean.

 

 

Lastozkoa da kutxa hori. Nahiz eta estalkia mugitzeko nahiko erraza izan, txirula entzun arte itzalpeko babesa onartzea erosoagoa egiten zaigu. Musikarik gabe, barneko musika entzunda besterik ez, film erromantikoetan baino ez dute dantza egiten protagonistek.

Eta gu ez gara protagonistak sentitzen.

Kapitalismoa da artista, txirula jotzen duena.

Do…larra.

Erre…ndimendua.

Mi…soginia.

Fa…ltsukeria.

Sol…daduak.

La…purkeria.

Si…ineskeria.

Eta, berriro, do…larra.

 

Bidegabekeri zabaldua, bereizi gabeko lan-esplotazioa, gerra interesatuak, naturaren kontrako sarraski amaigabea, onartutako kultura-hegemonia, gainditu ez dugun arrazakeria, emakumearen kontrako era askotako bortizkeria…Kapitalismoa dago haien guztien atzean, nonahi, plazer eta sariz mozorrotua, txirula jo eta dirua platertxoan.

Eta guk, onartu dugun estalki ahul bezain menderaezin hori muga, ezin dugu geure mugagabetasuna ikusi...

Nahiz eta animaliak baino ez izan, sugeek otsoek beste prentsa txarra daukate. Hedabideak oro-har ikusita, agian hori seinale ona da.

Hainbeste ezagutzen ez dena da sugeen entzumena nahiko mugatua dela. Ia-ia ez dituzte airez transmititzen diren doinuak harrapatzen. Dardara da sugeen morse-kodea. Baita mugimendua ere. Hori dela eta, txirula-jotzaileak egiten duen musika marketin hutsa besterik ez da. Txirula bera da sugea mugiarazten duena, txirula-jotzaileak jotzen duen bitartean egiten duen espiralen bidez.

Eta, hain zuzen ere, hor dago koxka.

Gaixotasunean dago sendabidea.

Sugearen pozoian, antidotoa.

Errepikatzen dena egia bihurtu arren, une jakin batean immunitatea sortzen da.

Mezua entzutearen poderioz, gor bihurtu gara horren aurrean. Hitzez bete, geure behazunez blai bizi gara…ez duzue nabaritu? Eszeptikoak, ia zinikoak gara orain, baina, aldi berean, txirula jo eta bere atzean jarraitzen dugu, tutik esan gabe. Kapitalismoaren ikurrak ikusi eta, Chicagoko eskolan ondo ikasiak, haien atzean joaten gara zalantzarik gabe, gustura, betiko altxorrak eta sentimenduak aurkitzeko gogoan.

Baina, orain, begiratzen ere ikasten ari gara.

Ez gara itsu bihurtu. Ikusmena berreskuratu dugu.

Txirula-jotzaileak badaki. Badaki burua behin eta berriro altxatzen duenak azkenean burujabetasuna lortzen duela. Badaki gure behazuna oraindik eraldatu gabe daukagun pozoia dela, eta, egunen batean, bere parean egongo garela, aurrez aurre, mihia ateratzen, argiz betetako geure mugagabetasun hori antidoto. Badaki, telonero berekoi moduan, ikur-koda luzatua jotzen ari dela, kutxan bertan daukagun gure gela ilun eta katartikoan irudi horiek errebelatu ditugulako. Ikus-entzunezko teknikari adituak gara. Eta gezurrak, pixkanaka-pixkanaka, ederki positibatu ditugu.

 

Do…larretik…dohatasunera.

Erre…ndimendutik…erregulaziora.

Mi…soginiatik…militantziara.

Fa…ltsukeriatik…faboreetara.

Sol…daduengandik…solaskideengana.

La…purreriatik…laguntzara.

Si…ineskeriatik…simaurrera.

Eta, berriro, do…hatasuna.

Hor dago koxka.

Prestatzen ari garen koxka sendagarria.

Sugeok, hemendik aurrera, jotzaileak izango gara eta.

Sast!

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago