Hilabete honetako artikulua eginda neukan. Beti bezala, berandu. Eta beti bezain korapilatsu. “Zerbait ezberdina egin!”, esan nion neure buruari. “Arinagoa, dibertigarria…eta bihotzez”.
Oso originala naizenez, Marotori buruz idaztea pentsatu nuen.
Ohartxo mentalak idazten hasi nintzen:
-gaur egungo langileen moduan, Marotok bi lan dauzka, Udalan eta Legebiltzarrean…hilaren bukaerara lasai ailegatzeko.
-irudia zaintzen du; entzun dudanaren arabera, elkarrizketetan argazkiak behin eta berriz errepikatzeko eskatzen du, pose perfektua lortu arte.
-pijama berdea eta Gasteizko banderaz egindako maindirea dauzka (hori irudimenak esan zidan).
Gero, hitz-joko zale amorratua, izenburuaren bila joan nintzen…
(Egia esanda, hori izan zen egin nuen lehena).
Batzuk agertu ziren bat-batean:
-Marotov koktela. Ildo horretatik azalduko nuke berak nahi duen hiri gelditua, beti berdina. Nahasketarik gabeko munduko koktel bakarra. Guinness errekorra!
-Marot doktrina. Gakoa Gasteizen, lau urtez, bere agindua zigor luzeegia eta gehiegizkoa egin zaigula izango litzateke. Nola ateratzen da marrotonda horretatik?
-Arbi eta ez garbi. Sariak nahi ditu. Ospea besterik ez. ‘AL-katea’ irekiko luke gustura telebistan. Berdin hiria, berdin hiritarrak. Gasteiz tranpolina, ahalik eta lasterren etorkina izan nahi du Madrilen. Vladimir Nabokov da bere idazlerik kutunena (irudimenak hitz egiten zuen, berriro).
Pentsamendu horiek guztiak buruan, hala ere, sentsazio bat inposatzen zen.
Bihotzez, nahi nuen bezala.
Idazten dudan bitartean musika entzuten dut beti. Baina kasu honetan musika barne-barnetik iristen zen. Egun batzuk barru abestu nahi dudan…dugun musika.
“Adiós con el corazón
que con el alma no puedo…”.