Gurasoen bi lagunen etxean ikusi nuen nire lehenengo pendulu-erlojua. Isilik zegoen, gu egun, batzuetan, sentitzen garen bezain geldituta. Denbora ez doala aurrera pentsatzen dugu. Dena gure inguruan izozten dela. Antsietatea eta beldurrak erantzuna eragozten digutela. Baina ez da horrela.
Gaur, lege bat. Bihar, beste bat. Gaur, leporatua. Bihar, ikertua. Gaur, datu baikor bat bihar ezkor bihurtuko dena. Askotan, gelditua eta isilik zegoen gela hartako idazmahaian ikusten dut nire burua berriro, historia zer den ulertzeko ezgai, ezaguerak lotu ezinean. Historia-eskoletan ez ginen inoiz liburuko azken ikasgaietara iristen. Orainera. Gurera. Gertatua eta saihetsezina zen historia, gurekin zerikusirik ez zeukana.
Denboraren poderioz, eskerrak, orain bihurtu da historia niretzat, bizi garen denbora dela konturatu naizelako. Baina, ikaragarria…Hor jarraitzen du krokisak! Hor daude noblezia eta klero oraindik, nahiz eta zerbait aldatu den. Egun, plebearen hutsunea gero eta beteagoa da. Sinetsita dauden gizarte mugimenduez, bete ez diren eskubideen aldeko borrokez, aplikatzen diren ezaguerez. Liburuetan inoiz agertu ez diren lagun asko bezala, gu ere elkartzen gara, eta gure ahotsa ezarriz eta antolatuz doa.
Gertakizun historiko guztien artean -nahiz eta, historian gertatzen direnez, gertakari guztiak historikoak izan-, gatz-ibilaldia nire kuttunenetako bat da. Milaka lagun, Gandhi buruan, desobedientzia-ekimen erraz bati jo zioten; hau da, eskuetan itsas-gatz apur bat hartu, britaniarren ekoizpen-monopolioa ukatzeko. Historia ez da entzuten. Idazten da. Idazten dugu. Horregatik burua idazmahaitik altxatu, elkar ikusi eta hasi gara galdetzen. Zutik jarri, klase askoz egindako klase baten moduan gelatik atera, eta itsasertzaren bila goaz dagoeneko.
Asko geratzen zaigu istoriez betetako gure historia idatzi arte, baina egiten ari garen ibilbidearen amaieran isiltasuna baino ezin dut entzun. Ez da historia-eskolen isiltasun hura. Gaztelua inguratu dugu. Noblezia eta kleroa gero eta gutxiago dira, baina oraindik haien gerlariek babestuak. Gu, ibili, hitz egin, oihu egin eta sortu ondoren, gelditu gara une batez, ate-birakariaren bestaldean, eta gure isiltasuna, bat-batean, boteretsua da. Haien buruetan durundatzen du, guri txertatzen saiatu ziren beldurrez. Penduluaren inertzia-mugan gaude, jolas-parkeko pirataontzi haren biraketan bertan. Beti luzea egiten zitzaigun, sabela kili-kili.
Txirrinak jo du. Eskola amaitu da eta, behingoz, zerbait ikasi dugu. Gure istoriek garrantzia daukatela. Gure istoriek ere historia egiten dutela.
Eta, horregatik, pendulua bira egiten hasi da.