Behinola, hauteskunde atarian geunden eta zutabetxoa egina utzi behar nuen astebururako. Igandean, bozketa egunean bertan, argitaratuko zen. Pentsatu gabe atera zen gaia, noski. Titulua: ‘Yo no’.
Egun iritziz aldatu naiz, auskalo etorkizunean zer gertatuko den, baina ordutik ez bozkatzea zen nire jarrera, eta erabaki haren zergatia azaldu nuen idatzian.
Igandean egunkaria hartu eta…ez artikulurik, ez titulurik, ezta argazkian nire filosofo aurpegirik ere. Hurrengo egunean emandako zergatia, ia argudiorik gabe: iritzi hura ez zen aproposa hauteskunde egun baterako.
Eztabaida daiteke nire abstentziori buruz, noski, baina beste gauza bat da komentatu nahi dudana; hau da, nire ezetza erabakia zen.
Ez bozkatzeko eskubidea neukan. Baita nire azalpena emateko ere. Komunikabide askotan frustrazioa eguneroko ogia da.
Kontsumitzaile hutsak izan ordez, erosi orduan erabakiak hartu ditzakegu gure kontra, gizarte-eskubideen kontra jotzen duten enpresei bizkarra emanez. Beti izango dugu beste txokolate-marka bat, milaka arropa-denda, argindarra emango digun enpresaren bat egunero zalantzan jartzen dugun sistema horretatik kanpo. Edo, zuzenean, ekoizle bihurtu gaitezke. Gizarte honetako iraultzerik handienen artean, nekazaritza-kooperatibak dauzkagu, kontsumo-arauak goitik behera aldatzen dituztenak.
Ondo zaintzen saiatzen naizen nire barneko inozo horrek batzuetan imajinatzen du horietako enpresaren baten akziodun-batzordea:
-Ikusi duzue?- dio tripontzi batek-. Mangana delako horrek berriro gure aurreikuspenak bertan behera utzi ditu!!
Horrelakoetan ez naiz Mangana. Manghandi sentitzen naiz, basamortuan zehar ibilaldi isil baten buruan. Aurrera, inozook!
‘Ni ez’ da iritzi-artikulu honetako izenburua, zorra hura kitatzeko asmoz, baina ‘Boikota’ da benetako leloa, ezizen moduan. Argi daukagu sistema ez dela oso erraz aldatuko, baina sistema horren barruan ezetz esateko aukera daukagu. Ez diot dirurik emango bidezkoa ez den sistema hau onartzen duenari. Nire eskubidea da, ez bozkatzea bezain nirea, nahiz eta ondorio bera, badakit, ez izan.
Baina, jende askorentzat zenbakiak besterik ez bagara, zergatik ez erabili?
Gehitu nire ezezkoa zure ikus-entzule kopuruari, zure salmenta-indizeari, zure hazkunde negatiboari…
Argitaratu gabeko iritzi-artikulu hartatik mundua asko ibili da, ‘Yo no’ ‘ni ez’ bihurtu da eta guzti. Hizkuntza-miraria!
Baina oraindik, maiz, mozala nabaritzen dut, eta horrelakoetan ezetza errepikatzeko beharra daukat, ezetzak ere baikorrak izan daitezkeelako.
Urratsez urrats lortuko dugu. Alez ale.
Eta, bide batez, zorionak! Inoiz baino gehiago, komunikabide libreak behar ditugu eta.
Ongi etorri, Alea!!!