Ortzadarrak eta egunsentiak; eguzkia, ilargia eta izarrak…
Beste etiketa ‘nice price’ zen. Bederatzi letra horiek kutxa bateko izkinan zeharka ikusi -hutsezinezko detektagailua neukan- eta neuronak txaloka hasten ziren, nahia asetzeko prest. Taldea nire gustukoen artean bazegoen, dantza egiten hasten nintzen, buruz behera jarrita eta guzti.
Zuhaitz baten azala, ibai baten abestia, sua txinpartaka, ekaitzaren usaina…
Garai hartan, musika-dendetan asko ikasi nuen. Denbora librea neukanez, presarik gabe bazter guztietan, musika apaletan pagotxen bila nenbilen, paga kontu handiz gastatzeko.
Beti barre eragiten digun txistea, amen batean asmatutako jokua, koreografiarik gabeko dantza mistikoa…
Egun, sen hura mantentzen dut.
Hitz egokia, geldiezina den oihu librea, lebitarazten gaituen jauzia…
Nahiz eta musika-dendak ia desagertuak izan, eskarmentuari esker onartu dut kontsumitzaile hutsa naizela.
Hondartzan topatzen dugun itsasoak iradokitutako marrazkia, ezezagun baten istorio bitxia, ustekabeko begi-keinua…
‘Nice price’etik ‘nice price’ra buruz behera hainbeste ibili eta gero, neuronak despistatuta dauzkat, baina, aldi berean, mundua hankaz gora ikustera guztiz ohituta, niretzat ikuspuntu hori ez da hain okerra. Nolabait ere, munduak oreka berreskuratu du… Bai, musika-dendetan asko ikasi nuen. Bizitza musika dela. Eta musika sentimendu ukiezina besterik ez, gehien gustatzen zaizkidan -eta, ausartuko naiz, zaizkigun- gauzak bezala. Bai, beti musu-truk diren horiek.
Eskatzen ez den laguntza, landu eta sortzen dugun ideia, amaitu nahi ez dugun ibilaldi pozgarria…
Aspalditik buruz behera jarrita, konturatu naiz bizitza gozatzeko aproposak diren gauzaz beteta dagoela. Amaigabeko apalategi horretan kolorez jositako pegatinak irakur daitezke: ‘nice naiz’, ‘nice naiz’, ‘nice naiz’...Nabaritzen ditudan bakoitzean -hutsezinezko detektagailua daukat-, dantza egiten hasten naiz, buruz behera jarrita edo ateratzen zaidan moduan; izan ere, ez daukat dantza egiteko ideia putarik. Pista bazterrean daude nerabezaroan poltsikoan neukan paga hura orain daukatenak. ‘Parental advisory, explicit lyrics’ etikarik gabeko etiketak sortzen jarraitzen dute orduko ‘tea party’koen seme-alabek. Oraindik festa gozatu gabe. Oraindik musika entzun gabe. Betiko abestia buruan, dantza zer den oraindik jakin gabe.
Kili-kili egiten digun ametsa, ahaztuko ez zaigun begirada, ‘maite zaitut’ hori…
Aringarria eta txaloa, gozotasuna eta txioa, arnasa oparitzen digun ahoa…
Irudimena, lagunak, maitasuna…
Eten puntu horietan benetan bizi gara, hankaz gora, buru-belarri, etengabe.
(P.D.: Ez naiz hain inozoa. Dirua, sos-musika prest, beti egongo da hor, edozein gauzaren azpian, zelatan. Gauza batzuek ez dute inoiz preziorik izango… Euskaldunberriok ikasi dugun onomatopeia erabiliz -artifiziala da, badakit, barregarria paradoxikoki-, ‘para todo lo demás…masterkar, kar, kar!’).