Belaunaldiz belaunaldi errepikatzen da kontaketa. ‘X Belaunaldia’ bataiatu gintuzten 90eko hamarkadan. Zakua itxi eta filmak nahiz publizitate-kanpainak sortu zituzten helburuaren definizio isila bete genezan.
Zertarako sakondu? Heldu haiek bezala, ez daukagu galtzeko denborarik. Bizitzaren erdira iristeko zorian, beldur gara gaztea ohi zen gure izaera galtzeaz, eta hurrengoak altxor hori galtzen ari direla oihu egiten dugu harat-honat. Bizitzaren erdi horren zerumuga hurbil, zentzuzko iritzia aurkitzen dugu bat-batean gure esanetan. Eskarmentuak zuzen hitz egiteko eskubidea ematen digu orain. Zer ondo ikusten dugun dena hemendik!
“Play-Stationean baino ez daude egun osoan”. “Ez daukate balio etikorik”. “Ez dute ezer egin nahi, izaera eskasak jota”…Pentsamendua telebistan galduta, geuk ere zalantzan ipintzen ditugu geure balio etikoak egunero, izaera eskas horrek jota. Nor kritikatzen ari gara, orduan?
Izan ginen eta ahaztu dugun gaztea…?
‘Gazte is Gasteiz’ titulua neukan buruan iritzi-artikulu bat idazteko.
Beste titulu anglosaxoizale bat, azken garai honetan euskal eleberrien tituluetan -‘Twist’, ‘Bilbao-New York-Bilbao’, ‘Fucking artists’.. .- modan daudenen antzera. Primeran!
Baina konturatu naiz berdin dela titulua. Kontua da aleberri horiek, kume berri horiek zer kontatu nahi duten jakin nahi izatea. Kritikari izan baino lehen kritiko izaten saiatzea. Badakit azalean dir-dir egiten duen xehetasun hori ez dela mamia, taktika erakargarri bat baino. Badakit garrantzitsuena beti izango dela eleberrien barruan dagoena.
Gazteen hitzak irakurri. Gazteen hitzak entzun.
Gai izango naiz titulutik haratago joaten hasteko?