Sofan bota, sakelekoa hartu eta mezua errepasatu. “Gaixorik nago, ezin izango naiz joan”. Beno, gaixorik…Aitzakia pentsatu dudanetik pixkanaka txarto sentitzen hasi naiz, baina ez gehiegi. Orduan, agian bai. Agian gaixorik nago nolabait. Ez da gezur hutsa. Gezurra eta egia nahastu dira. Bidali dut.
Hormek liluratuta, begiak hasi dira gogoratzen. Etxeko horma guztiak betetzeko modukoa da bizitzan bota ditudan gezurrak. Gutxienez…gezur bat egunero. Bat baino gehiago. Gezur txikiak eta erraldoiak. Errukiorrak eta taktikoak. Jendeari eta neure buruari…Ia konturatu gabe, ikasita edo bat-batekoa, gezurra bidaide da.
Gainera, gezurrak esan ohi ditudanez, berehala ere ikusten ditut. Bai, ziur nago denok ziztu bizian ikusi eta nabaritzen dugula gezurraren agertzea. Adituak gara. Ikusi ahal ditugu ihes egiten duen begirada batean. Edo barnean entzuten dugun dardara berezi horretan. Gorputzaren kontua da, orduan.
Egiak…begiak!
Gezurrak…hezurrak!!
Ez, ez, hori ez da alderaketarik aproposena. Etxe bat, hobeto. Adreiluz adreilu eraikitzen dugu errealitatea egiaren bidez, baina gezurrez trinkotuta. Hori da! Pixkanaka-pixkanaka, pazientziaz betetako lanari esker…
Zer gertatu da? Berriro ere mugimendu isil hori? Orain ez da eraikinean. Urrunean nabaritu dut. Sofatik altxatu eta leihora joan naiz. Pertsiana igo eta gero, begirada topatu dut alboko zeru-harraskarian. Finko niri begira. Ez nuen aspal-aspalditik inor ikusten.
-Zer moduz, ondo al zaude?- galdetu dit ozenki.
-Ba, bai…-erantzun du gizonak, aurpegia guztiz goibel.
Eta, orduan, bere zeru-harraskaria hazi da bat-batean. Lurrikara txiki batez pisu bat gehitu du oinarrian.
-Lasai egon!- esan diot-. Laguntza behar duzu?
-Ez! Dena primeran doa! Ez daukat inolako problemarik!- esan du gizonak, malko bat masailean. Eta beste pisu bat jaio da lurrean.
-Dena ondo dago!!!- oihu egin du berriro, negar batean.
Beste pisu bat.
-Ez dut laguntza behar…
Beste bat…
Ez dago entzuterik dagoeneko. Leihoan dago gizona oraindik, besoak harantz-honantz. Azkenean, entzuten saiatzeaz nekatu naiz eta, lurrari begira, nabaritu dut bertigoa. Jaio nintzenean egin zuten eraikin hau, eta, betidanik, lekua eta ikuspegia gustatu zaizkit. Baina, ez dakit zergatik, orain txarto sentitzen hasi naiz. Zer izango ote da? Ezin dut lurra ikusi hemendik. Ezta pertsonak ere. Hiriaren kontua? Bai, hiria izango da.
Pertsiana jaitsi eta bueltatu naiz sofara. Mezua daukat. “Faltan botako zaitugu”.
Badakit gezurra dela.
Berdin zait.
Berriro mugimendu madarikatu hori zimenduetan.