Diotenez emozioak animaliez desberdin garenak dira. Pentsarazten digutenak. Taupadaz mugitzen dira, arrazoia saihestuz, barneko hodeien abiadurarekin bat. Batzuetan gure alde, beste batzuetan guztiz kontra.
Ez zait askotan gertatzen. Horregatik berehala konturatu ohi naiz. Bat-batean itzalita geratzen naiz. Ezkor, etsi, goibel, indarrik gabe...Ezinezkoa egiten zait gorputza berpiztea. Horrelakoetan patinik gabeko patinatzailea besterik ez naiz, skate-parkearen ertzean denari urrunetik begira. Mundutik desagertzea balio duen gauza bakarra da. Neure buruarekin ezer egin gabe egotea. Normalean, atsedena hartu eta gero, deskonektatu ostean, indarra ariman, berriro hasteko prest nago.
Ez dakit indarrik gabe geratzen den ni horren zergatia zein den. Ibai gelditua naiz, erosioaren kontra borrokatzen, urak bidea aurkitu arte. Hainbeste gustatzen zaidan mundu honek, bat-batean, nekatzen nau, eta, aldi berean, munduari kontu bera gertatzen zaiola sentitzen dut.
Denbora pixka bat besterik ez dugu behar -opor txikiak- elkar faltan botatzeko. Elkarrekin berriro patinatzeko.
Harrapaezina den hori, zergatia jakin gabe, esku artean berriro laztantzeko.