Meta

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2013ko eka. 17a, 02:00

meta-david-mangana

Laukiak betetzean bera izatea daukagu helburu; hau da, irabazle nagusia. Beste bizitza bat irudikatuz kinieletan nahiz loterietan -nahiz eta abarretan- jokatzen dugu, astez aste, urtebetetze eta gehien gustatzen zaizkigun zenbakiak mantra bihurtuta. Loteriakoek, loteria kudeatzen dutenek, berriz, gu gauzkate zenbaki piramidearen gailurretik. Gure zain daude, astez aste, apaizek fededunei itxaroten dieten bezala.

Baina, gure pentsaerez beste, loterian saririk handienak irabazten dituztenak ez dira loteriakoen etsairik nagusienak. Sari txikiak dira zailenak ordaintzen. Hamaika sari txikikook gara.


Euroz euro tona bat txanpon metatzen dugunok.


Azken finean, zenbakiak besterik ez gara. Egutegitik sistema bitarrera. Dena neurtzen dugu hobeto ulertzeko, bidean kokatzeko. Hamar hatz eskuetan, hamaika plan ibili buruan, guzti-guztiak erloju, gradu edo dirua lagun...aldi berean erloju, gradu eta diruaren menpetik ihes egiteko asmoarekin. Eskatutako testuaren lerroak, facebookaren lagun kopurua, TAO-OTAren epe itogarria...Ai, ene! Zenbat zenbaki inguruan! Eta zenbat ebaki hartu dut dagoeneko? Eta zenbat minutu daukat lanera heltzeko? Eta zenbat egun barru geratuko gara?


Nerabezaroko matematikenganako ohiko gorroto hori heldutasunaren aurrerapena izango ote da?


Ez dugu ematen bizitza osoa ixak argitzen?


Pasa den astean dokumental batean hausnarketa bat entzun nuen. Nahiz eta bizitza osoa zentzurik gabeko kaos hezigabea dela iruditu, denbora igarota, bizitza hori urrunetik eta lasai ikusi, eta ezin zela beste modu batean bizi pentsatzen dugu. Mugimendu guztiek zergati argia daukate. Nahiz eta bitxiak izan, koherentziaz beteta daude norberaren izaeraren barruan...


Zenbakiak gara. Laukiz lauki jolasten gara irudimenean. Norbera norberera. Baina zenbakiak ez dira inoiz bakarrik ibili. Lotzeko joera daukate. Daukagu. Horregatik, elkartzean, nahi gabe -edo nahita- gero eta irabazteko aukera gehiago agertzen dira gure aurrean. Eta bizitzaren loteriakoei, beti gurea dena irabazi nahi dutenei, gure pentsaerez beste, asko kostatzen zaie gu erabiltzea.


Zailak gara gelditzen.

Gu.

Bizitzaren kaosarekin batera, eskuz esku, elkarrekin, tona bat ilusio eta indar metatzen dugunok.

Kontua ez da irabazle nagusi bihurtzea -betiko feudalismoaren gailurrera heltzeko-, baizik eta piramidera buelta ematea. Banan-banan. Mugimendu guztiek zergati argia izango dute berehala. Nahiz eta bitxiak izan, koherentziaz beteta daude norberaren izaeraren barruan...

Beste bizitza bat irudikatuz.

Matematiken baimenarekin, zenbakien bizitza amaigabekoa...denok irabazteko.


Bingo!

Bin..GU!!!

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago