Ni izateko, noizean behin bete behar dudan ni hori izateari utzi behar diodala.
Euskaraz idaztea gustatzen zait...kostatzen zaidan beste.
Lehenengo lerroetan zer ari naizen galdetzen diot neure buruari. Zein da ahalegin hori egiteko zergatia? Istorioak berehala prestatzen du erantzuna. Hamar minutu pasa eta gero -hori ez da erregularra, gutxi gorabeherakoa baizik- gorputzean zehar iristen da. Bat-batean, lerroz lerro, mundua atzean geratzen dela hasten naiz sentitzen. Jendea, gauzak, betiko pentsamenduak...Kontu horiek guztiak ikus ditzaket horietatik zeharo at nagoen bitartean. Ez naiz ni. Ez naiz ezer. Gorputz bat besterik ez, huts gozo bat denboraren zama ahaztua. Orrialde erdian. Primeran ulertzen dut ez dagoela zer ulerturik, edozein nekeren sendabidea hurrengo lerroan ezkutatzen dela, idatziz ikasten dela idazten.
Ni izateko, noizean behin bete behar dudan ni hori izateari utzi behar diodala.
Duela hamabi hilabete gonbidapena jaso nuen.
Euskaltegian nengoenez, pentsatu nuen onartzea katuka ibiltzea korrikaldi bihurtzea bezain korapilatsua izango zela...baina erronka onartu nuen. Handik aurrera, hilero -ez naiz erregularra, gutxi gorabeherakoa baizik-, Hirinetek artikuluak argitaratu dizkit. Hemen nire sinadura dago, nahiz eta bakarrik ez idatzi. Katuka ibiltzea korrikaldi bihurtzen saiatzeko, sekulako jendetza etorri da nirekin. Gorka, Saioa, Mikel, Itsaso, Asis...Ez naiz ni, haiek baino. Irakasleak eta lagunak. Irakaslagunak. Eta hain ondo ibili gara, ezen mugimenduaren haize horrek kandelari putz egin baitio.
Lehenengo urtea bete du Hirinetek. Baita nik ere, hamaika eskuk dilin-dalan, eta lehenengo hitzak zuengandik ikasiak dira. Zuen errua da. Nire erroa zaretelako.
Badakizue? Orain arte idatzitakoen artean, artikulu hau dut gogokoena.
Eta ez da aparteko lana izan, bai zuekin bai zuentzat egin dut eta!
Urtebete dauka munstro honek eta isil ezina da dagoeneko.
Zorionak denoi!!!