Hostoak, ahaztuak

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2013ko api. 1a, 02:00

David Mangana

 

Aitortzen dut. Ez naiz txukunena. Nahasten ditut paperak, jantziak, hitzorduak, ideiak...Ordenagailua lekutik mugitzean konturatu nintzen berriro. Teklatuaren gainean putz egin nuen eta, bat-batean, gela betilez beteta geratu zen. Pantailarako begirada galdu haiek guztiak, airean zintzilikatutako hostoak bezala. Trapua eskuan, hasi nintzen hizkiak garbitzen. Zenbat urte txukundu gabe! Eta garbiketaren bidez, apurka-apurka, ohartu nintzen; hau da, letra batzuk besteak baino zikinagoak zirela. H, Z, K...AHaZtuaK bataiatu nituen..

 

Askotan gertatzen zaigu. Gehiegitan. Jendea askoz barrenago sentitzen dugu joan eta gero. Senideak zeruan -beti erabakitzen dugu zerua, nahiz eta lurrean egon-, eskura dauzkagu bihotzaren begiradan. Beranduegi da beti, nahiz eta denbora dena den. Hostoak bezala, oroitzapenaren betileek jarraitzen dute bizitzaren lerro bidean erortzen. Erori dira ere duela egun gutxi negarraren heltzea nabaritu zutenak. Gasteiz Hiribidean zur eta lur geratu nintzen, zuhaitz guztiak moztuta ikustean. Taupadak gelditu zitzaizkidan, basamortu bihozgabe horretan.

Proiektu berde bat hasteko asmoz, berdea hiltzen da. Arrazoibide berri bat irekitzeko, hondatzen dute aurrekoa. Monsanto haziak erosi dituzte, urte bakarrean iraungitzen direnak, dena urteroko argazkian estreinatzeko. Ez dakite lurra urtaroz urtaro estreinatzen dela. Ez dakite bizitza zer den. “Bizi-defizita” du aitzakia udalak. Gaixorik zeuden zuhaitzak. Hau kasualitatea!

Sancho el Sabioko akaziak gogoratzen ditut. Gogoratu nahi ez dudan frakinga etortzen zait burura. Ez naiz txukunena, baina beste nahaste hori ez dut gehiago nahi. Horregatik putz egin eta putz egingo dut teklen artean, eguneroko bizitzan, harroputz horien kontra, beranduegi berriro ez izateko asmoz.

Orain elurra ari du, zuhaitzen gainean ez. Betazalak ixteari uko egiten diot. Putz egiten dut, bai, baina arnasotsa ateraz kokotaraino nago. Adabururaino. Zortearen bidez, bizi bide polit honek ekarri nau hona, euskaraz idaztera. Konturatu gabe, teklatua berriro asmatzen ari naiz hizki ahaztu horiek ezagutuz. Baina bai teklak bai hitzak hor zeuden betidanik. Beti egon dira, nire pentsamenduak islatzeko prest. Ez ziren benetako ahaztuak. Hostoak, aldiz, kendu dizkigute. Ez dira izango inoiz ere gure pentsamenduen islak. Askoz gehiago sentitzen ditut joan eta gero. Horregatik nire hitz guztien artean bizi izango dira hemendik aurrera, ezberdintasun berde hori ez zaidalako berdin. Putz egin dut eta hostoak daude nire aurrean, zerutik eskegita betiko. Semaforoak gorri daude Gasteiz Hiribidean. Gasteiz barnean. Gauza batzuk ez dira inoiz izango ahaztuak. Ez didate nahasaraziko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago