Jarraipen(ts)a

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2012ko abe. 3a, 12:54

David Mangana

 

Ia-ia pentsatu gabe, hitz eta pitz, pila bat zerrendatzeko gai gara. Haien kokapena seinalatzeko ere bai. Hainbat film eta istorio jaso ondoren, genetan ditugu Estatu Batuetako estatuak, Seattletik Floridara. Amerikarrak -barkatu, iparramerikarrak- gara konturatu gabe. Haien aztarnak gureak dira, nahiz eta askotan lur haietan urratsik ez egin. Barrak eta izarrak ikur bihurtu ditugu, barre eta izaeraren bidez. Haien emozioak ekarri ditugu gure kulturara.

 

Luzaro pentsatu eta gero, konturen bat edo beste esan dezakegu. Kokapena seinalatzea lan gogorra egiten zaigu. Haren film eta istoriorik jaso gabe, indarkeriaz betetako nahaste-borrastea besterik ez da Afrika gure burmuinean, Marokotik Hegoafrikara. Nahiz eta haren aztarnak munduarenak izan. Nahiz eta haren lurra gizon-emakumeen lehena izan. Bertako izarrek ezkutatzen dituzten jatorrizko misterioak bezain ulertezinak dira guretzat alboko kontinentearen emozioak.

Hori guztia jakinda ere, onartzen dugu jokoa. Fitxak besterik ez gara beste batzuk erabakitzen duten taulan, beti Mendebaldetik ikusita. Kokapena -mapen banaketa- ez da koska, gure ikuspuntua baino, baina kuriositatea utzi dugu besteen eskuetan, nagikeriaren bazterretan. Badakigu komunikabideak boterearen tresnak baino ez direla; hala ere, jarraitzen dugu haien ahotsaren menpe, publizitatearen deiaren zain. Badakigu irabazlearen kultura dela indarra duen bakarra, eta bero horren eguzkitan bizi gara lasai. Doinu bat besterik entzuten ez duen Pavloven txakurrak bezala, Hamelinzale fidelak.

Liburu, disko, dokumental edo film baten laburbiltzeko gaitasunak azaldu ahal digu herri baten funtsa komunikabideetako berri labur batek baino hobeto. Zertarako bilatu zerbait ezberdina? Ahaleginak eta biok ez gara lagun. Nahiago dugu ohikoa. Errazagoa da gehien-lasterrean bizi izatea, kodeak errepikatzea lekua galdu gabe, mugitzen dena argazkian ateratzen ez delako. Zeri buruz hitz egingo dugu ahots berriak entzuten baditugu? Egungo kameraren objektiboak tripode sendo eta bakarra proposatzen du eta erosoagoa da objektiboa helburu ez bihurtzea, boikot txikiaren lehen urratsa ez egitea, immobilismoaren musika bermatzea. Zertarako bilatu errealitatea ezagutzeko beste modu bat ikuspuntu honen bidez estatu pila bat ezagutzen badugu?

Niri behintzat ez zait gustatzen bidaiak urtero errepikatzea. Emozio pixka bat behar dut barneko zerbait mugitzeko, Insersozale ezkutua daukadan laguna zirikatzeko. Eta zer dira liburuak, diskoak, dokumentalak edo filmak kanpotik barnerako bidaiak baino? Mendebaldeko kultura da gure Benidorm mugarik gabeko kultur mundu honetan, katebegi isil eta subliminalez hornituta. Zama handia da kate distiratsu hori. Nik ere nabaritzen dut soinean. Ni ere katearen dirdiren menpe nago. Baina gero eta maizago askatzen saiatzen naiz. Motxila txikia soinean hobeto bidaiatzen da. Urrunago. Baita gure barneko kontinente ezezagunetara ere.

Dena mugitu gabe, dena esan dezakegu.

Pentsatu gabeko jarraipena da ohiko bidaia.

Emozio bakarra. Berbera.

Etengabe pentsatuz, bidaia amaigabea da.

Emozio berrien bezperan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago