Ez naiz munduko begiralerik dotoreena; hala ere, aspaldi ikusten ditut kameleoiak gero eta gehiago direla. Ez dabiltza ezkutatu nahian. Ez dituzte arkupe eta dendetako ateak aukeratzen legez kontrako kontuak egiteko asmotan, baizik eta babesgarriagoak direlako. Horretarako besterik ez da. Ezer ez daukana inor baino gehiago bizi da beharraren menpe.
Kalean bizi direnek ezin dute inoiz kolorez aldatu. Ez dira tradizioak pentsarazten digun bezalako kameleoiak, baina oso ondo kamuflatu zaizkigu orain arte, kamuflatzen lagundu diegulako. Gure aitzakia oso ona da. Ezbeharrez zeharo inguraturik gaude. Ezbeharra baso handi bat da, eta 'zuhaitzek ez dute basoa ikusten lagatzen', nola ez. 'Ez da gure errua', noski. Ezin gara guztiaren gainean egon, guzti horren goierak bertigoa eragiten baitigu.
Baina ez dago bertigoa jadanik. Lurraren arrasean dago dena. Egunez egun, kalea zuhaitzez betetzen hasi da, eta ez da berdearen aldeko kanpaina baten ekintza bat. Nahiz eta beti hor egon, arazoak gero eta hurbilago nabaritzen ditugu, eta enborren artean kameleoiek zaborren artetik berreskuratzen dute janaria. Kalean zehar bilatzen dute zeruertza berri bat. Espaloian landatzen dituzte sustraiak. Eta gure begiak hasi dira haiek ikusten ikasten. Saihestezina da. 'Ikusi eta ikasi'. Falta da 'ondo entzun'.
Bai, geure buruari entzutea. Ondo eta sakon. Ez bakarrik gure poltsikotik kameleoiengana ateratzen den txanponaren doinua. Melodia polit bat da, dudarik gabe, baina ez nahikoa. Malko bat da basamortuan. Nahiz eta ezin dela nabaritu esan, arretaz entzuten saiatzen bagara, zuhaitzaren erorikoa entzun dezakegu baso erdian, geu ere zuhaitzak besterik ez garelako. Bai arazoa bai konponbidea. Egun batean, zuhaitz eroria ere esnatu dezakegu. Gure hiriko kameleoien moduan, inguruari moldatu ezinean.
Ez da pentsatzen dugun bezala. Gu gara, azken batean, errealitatea, eta errealitateak tradizioa aldatzen du askotan, uste osoaz blai. Ez da pentsatzen dugun bezala, hau da, kameleoiok ez diogu azala moldatzen inguruari. Inguruak bultzatzen digu kameleoi faltsuak ez izatea. Amodio propioa da arrazoi nagusia. Gure fisiologiarekin, gure izaera ezinbestekoarekin lotutakoa.
Aurkari ala bikote baten hurbiltasunak jauzi kromatikoa eragin ez badigu -gris nonahiko hau behingoz ahazteko- lotsaz gorrituko gara. Gu izango gara pobreagoak pobreziaren kontra jotzen ez badugu, bidegabekeria gure etorkizunaren tradizio bihurtzen bada. Gure esku dago, zergatik ez oraintxe bertan, brotxa hartu eta dena berriz pintatzea.
Basoa ozenki entzun daiteke.
Basoak sustraiak mugitzen ditu egunero.
Eta kolorez aldatzeko gaitasuna dauka.
'Eta galdetzen badidazu zein kolore nahiago dudan, badakizu nire erantzuna...'.
Kolore bizia!